Gaur, San Sebastian eguna, Donostiatik Soraluzeraino ailegatuko dira Sarriegiren doinuak, izan ere, 16:00etan, eskolako patioan elkartu eta bertan interpretatuko dituzte kantu ezagun asko horiek Plaentxi Eskolako Haur Hezkuntzako ikasleek. 100 ume pasak astinduko dituzte, bada, danborrak bertan begira izango dituzten gurasoen aurrean.
Garuna estimulatzeko
Bestalde, eguaztenean, Do, Re, Ni izenburua duen musika emanaldia eskainiko dute Plaza Zaharrean. Hiru txandatan banatuko dira ikasleak, 15:00etan, 3 urtekoen eta LHko lehen mailakoen txanda izango da (amaitzean, umeak eskolan jaso behar dituzte gurasoek); 16:00etan, berriz, 4 urtekoen eta LHko 2. mailakoen txanda izango da (umeak Plaza Zaharrean jaso behar dira); eta 17:00etan, 2 urtekoen eta 5 urtekoen txanda izango da (umeak Plaza Zaharrean jaso behar dira).
Do, Re, Ni egitasmoa Xabier Lizaso pianistak eta ikerlariak sortutakoa da, “garuna estimulatzeko metodo efektibo eta modernoa. Neurozientziaren ikerketan oinarritzen da, eta garuneko bide eta sare neuronal zabalagoak eta handiagoak sortzeko tresna da”. Jolasak egitea du helburua, eta horretarako, kirola, dantza, antzerkia eta musika jolas bihurtzen dute, dantza-jolasak, musika-jolasak, atzerki-jolasak… eginez.
Autoestimua landu
Bestela esanda, egitasmo horren bitartez lortu nahi dena da ondo pasatuz garuna estimulatzea eta nortasuna sakontzea; hala, besteak beste, haurren autoestimua lantzen da, beldurrei aurre egiten laguntzen die, talde-lana bultzatzen dute, integrazioa, berdintasuna… eta beste. Bada, eguaztenean, metodo horren erakustalditxoa egingo dute HHko eta LHko 2. mailara bitarteko umeek, Plaza Zaharrean.