Elkarretaratze jendetsua azken eraso matxista gaitzesteko

Erredakzioa 2020ko urt. 18a, 13:25

Atzo iluntzean, barikua, Plaza Berria bete egin zen, udalerrian izandako azken eraso matxista salatzeko. Orobat, babesa erakutsi nahi izan zioten erasoa jasan duen emakumeari, eta gogora ekarri zuten, besteak beste, "emakumeen sareak geroago eta indartsuago" daudela. 

Soraluzeko Mugimendu Feministak egindako deiarekin bat eginez, 160 bat herritarrek erakutsi zioten babesa martitzenean gizonarengandik erasoa jasan zuen emakumeari. 

Plaza Berrian elkartu ziren kolore guztietako ordezkari politikoak, gazteak eta helduak, andreak eta gizonak, guztiak batera eta irmo, biolentzia matxista arbuiatuz.

Eraso matxista hori gaitzesteaz batera, protesta ekimenaren amaieran Leire Gineak eta Elena Perezek, Soraluzeko Mugimendu Feministako kideek berretsi zuten erasotzaileek "aurrean izango" gaituztela, "aske izan arte borrokan" segituko dugula eta azpimarratu zuten "emakumeen sareak geroago eta indartsuagoak" direla.