Goiara Ixtera doaz

Ubane Madera 2020ko urt. 17a, 09:24
Jendea Goiaran erosten, atzo, eguena.

Urtarrilaren amaieran edo otsailaren amaieran, ziur ez dakite noiz, baina Goiara lurrindegia ixtera doaz. Azken 15 urteotan bertako langile izan den Mari Gilek jakinarazi du kateak berak erabaki duela Soraluzeko saltokia ixtea, eta berdin egingo duela Debakoarekin ere. Penaz hartu du albistea berak.

30 bat urte egin ditu Kalebarrenen Goiara lurrindegiak. Azken 15-16 urteotan Mari Gil izan da bertako langilea, eta egunotan buru-belarri dabil bezeroak hartu eta hartu, izan ere, erakusleihoan iragarri dute erabateko likidazioa egiten dabiltzala, denda ixtera baitoaz, eta jendea erosketak egiteko aprobetxatzen badabil.

Eibarkoa zabalik

Penaz, eta ezuste apur batekin hartu zuen notizia lurrindegiko langileak, orain dela hilabete inguru kateak berak jakinarazi baitzion Soraluzeko saltokia ixtera zihoazela: “Bai, pena, azken batean saltoki bateko ordutegia ez da horren ona, baina herrian lan egitea bai. Nik espero nuen akaso datorren urtean itxiko zela. Izan ere orain dela 4 urte katearen jabeak aldatu egin ziren, eta ugazaba berriek esan zuten bost urteko probaldia ezarriko zutela; baina bosgarren urtea ez da iritsi oraindik, eta horregatik harrapatu nau berehalako itxiera honek apur bat ezustean”.

Gilek jakinarazitakoaren arabera, Soraluzeko saltokiaz aparte, Debakoa ere itxi egin behar dute, eta Bergarakoa, berriz, orain dela lau urte itxi zuten. Hemen inguruan, bada, Eibarren geratuko da Goiara zabalik. 

Bestalde, itxi bitartean, Soraluzeko saltokiak ordutegi berezia izango du: astelehenetan bakarrik zabalduko du goizez eta arratsaldez. Ostera, goizez bakarrik egongo da zabalik, 09:00etatik 13:00ak arte.

Hiru itxi, bakarra zabaldu

Azken bi urteotan, Soraluzen itxiko duten laugarren saltokia izango da Goiara. 2017an Merceria Mariaje itxi zuten Santa Ana kalean, eta 2019ko martxoan Ana Mariren oinetako denda, kale berean. Urtarrilaren hasieran, berriz, Gaztelupe taberna itxi zuten, eta orain Goiara lurrindegia itxiko dute. Zabaldu, berriz, saltoki bakarra zabaldu dute berria: Fanny mertzeria.