Bertsio gaua gazteendako, eta dantzaldia gaztetxoendako

Ubane Madera 2020ko urt. 15a, 10:56
Iazko dantzaldian parte hartu zuen talde bateko hainbat kide.

Aratuste zapaturako Bertsio Gaua antolatu nahian dabil gazte talde bat, iazkoaren antzerako zerbait egiteko asmoarekin. Helburua da bestelako musika taldeen bertsioekin kontzertu bat osatzeko besteko egitaraua betetzea hainbat herritarrek. Bestalde, Aratuste martitzenean gaztetxoen dantzaldia izango da kiroldegian. Kasu horretan, barikura arte dago izena emateko epea.

Aratuste zapaturako, otsailaren 22rako Bertsio Gaua antolatu nahian dihardu gazte talde batek. Kontzertua Zentroan, Gaztetxean izango da. Parte hartzeko interesa duenak honako telefono zenbakira deitu edo idatzi behar du: 649228040 (Mikel). Gazteen helburua da hainbat bertsiorekin kontzertu osoa antolatzea, Aratuste zapatu gaua herrian bertan girotzeko.

Dantzaldia

Bestalde, Aratuste martitzenean gaztetxoei zuzendutako dantzaldia izango da kiroldegiko frontoian, 17:00etan hasita. Aste honetan banatu dituzte izen-emate orriak Plaentxi Herri Eskolan; izan ere, azken urteotan, ikastetxeko mailen edo gelen arabera antolatutako taldeek egin dituzte dantzaldiko koreografiak.

Horrekin batera, dantzaldirako guraso boluntarioak lortzeko deialdia ere egin dute; haiek arduratzen dira umeen entseguez, mozorroez eta bestelakoez. Bi kasuetan, barikurako itxita izango dira izen-emateak. 

Azken urteotan ehun neska-mutiko pasak parte hartu izan du martitzeneko dantzaldian.