Gas ihes txikia eragin du kamioi batek

Ubane Madera 2020ko urt. 15a, 09:43
Udaltzainburua eta suhiltzaileak gas-harguneari begira.

Goizeko lehen orduan, gas ihes txikia gertatu da Santa Ana kalean. Kamioi baten kolpeak eraginda, gas-hargunea okertu eta gasa irteten hasi da Santa Ana kaleko 23. atariko kutxatilatik. Gidariak berak eman du abisua, eta berehala etorri dira udaltzainak eta suhiltzaileak. Haiek egoera kontrolpean laga ondoren, gas enpresako adituak bertaratuko dira, gas-hargunea zuzentzeko.

Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, auto bati pasoa laga nahian zebilen kamioi bat larregi gerturatu da Santa Ana kaleko 23. atariko etxera, harik eta paretan dagoen argindarraren kutxatila kolpatu duen arte. Kolpearen ondorioz, Iberdrolaren kutxatilak ondoan dagoen gas kutxatila kolpatu du, eta kutxatilaren barruko gas-harguneak oker laga ditu. Hortik hasi da, hain justu, gasa irteten; eta egoera ikustean, kamioi gidariak abisua eman du.

Igogailu eta gas barik

Udaltzainak berehala bertaratu dira, eta bizkor ibili dira Eibarko suhiltzaileak ere. 09:10erako bertan zeuden. Gas jarioa eten egin dute, eta bide batez, Santa Ana kaleko 26. atariko gas kutxatilaren atea bere lekuan ipini dute, bart gaueko haizeteak hura bota egin baitu. 

Une honetan, bada, Santa Ana kaleko 23. atarian ez dute gasik, igogailua ere ez dabil, eta hainbat solairutan ez dago argindarrik. Edozein modutan, iristear dira gas enpresako adituak, egoeraren jakinaren gainean daude-eta.