“Irabazi arte hemen izango gara”

Ubane Madera 2020ko urt. 13a, 17:50
75 bat herritar pentsio publiko duinen alde, gaur eguerdian, astelehena.

“Bi urte daramatzagu hemen, eta luzerako dugu”. Pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean egindako adierazpen horrekin argi eta garbi laga dute aurrerantzean ere elkarretaratzeak egiten segitu egingo dutela. Horrez aparte, besteak beste, “erabateko babesa” emango diote urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdiari.

Gabonetako oporren osteko pentsio publiko duinen aldeko lehen elkarretaratzea izan da gaurkoa. 75 bat herritarrek babestu dute, eta bertan, besteak beste, gogora ekarri dute dagoeneko badirela bi urte pentsio publiko duinen alde borrokan dabiltzala; hala ere, irmo adierazi dute bide horretatik segituko dutela, “irabazi arte”.

Gaur irakurritako komunikatuan, besteak beste, diote ez Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen Espainiako Gobernuak eta ezta Urkulluren eta Podemosen arteko Euskadiko gobernuak ere ez dutela aipatzen pentsioak handitzea 1.080 euroko kopurua osatu arte. 

Eskaera "bideragarriak"

Azpimarratu dute “Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikapen bidezkoak eta gauzagarriak eskatzen jarraitzen” duela, “borondate politikoa baldin badago, bideragarriak”, honakoak: pentsioen igoera KPI errealaren arabera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzea; pentsioetan eta soldatetan dagoen genero-arrakalaz amaitzea; erretiro-aurreratuetan berrogei urte kotizazioa izanda zigorrik ez izatea; Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea; 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea; %100eko alarguntza pentsioa; pentsio plan pribatuen eta BGAEen zerga-onurak arbuiatzea eta mendekotasunaren edo dependentzia arretarako sare publikoa garatzea, unibertsala, aurrekontu publikoekin eta koordainketarik gabe ordaindua.