Datorren astean margotuko dute erdigunea gorriz

Ubane Madera 2020ko urt. 10a, 10:02
Zubi Nagusia beltzez margotuta.

Astelehenean, 15:00etan, erdiguneko kaleak gorriz margotzeko lanak hasiko dituzte. Ordurako, erdiguneko kaleak zirkulaziorako itxita egongo dira, betiko moduan. Baina garajedunek badute sartu-irtenak egiteko aukera. Bada haiek ere ezin izango dute autoa erabili margotze-lanak eginda dauden lekuetan, harik eta pintura sikatu arte.

Patria telesailaren grabazioetarako erabili diren erdiguneko kaleak jatorrizko kolore gorriz margotuko dituzte datorren astean. Eguraldi ona datorrela aurreikusita erabaki dute lanok orduan egitea. Astelehenean, 15:00etan hasiko dira, eta dena ondo bidean, pare bat egunean bukatuko dituzte lanak. 

Honako kaleak margotuko dituzte: Zubi Nagusia, sarrerako pibotetik hasita; Santa Ana kalea, bertako piboteraino; Kalebarren eta Plaza Zaharra, Gabolatsen hasieraraino. Hori horrela, inguruan garajea duten herritarrei bereziki eskatuko diete margotze-lanek iraun bitartean ez egiteko joan-etorririk autoarekin. Helarazitako xehetasunen arabera, behin kalea margotuta, bi ordu inguru behar dira sikatzeko. 

Udaletxetik emandako azalpenaren arabera, berriz, orain arteko eguraldi txarrak eta kiroldegiko obrek  atzeratu dituzte margotze-lanak.