Ba al zenekien?

Ubane Madera 2020ko urt. 12a, 10:50
Txurruken auzoa.

Gaurtik hasita, eta Sorapediako, Soraluzeko Entziklopedia Digitaleko egileei eta langileei esker, Soraluzerekin zerikusia duten urtarrileko efemerideak argitaratuko dira Plaentxia.eus atarian. Astean behin emango da haien berri, domeketan, artikulu bakarrean batuta aste horri dagozkion efemerideak.

Efemerideen gaineko gaurko artikulua estreinaldia denez, eta gaur, urtarrilaren 12, hilabetearen bigarren astea denez, hilabeteko lehen bi asteotako efemerideak partekatuko dira. 

Hona hemen Sorapediako lagunek egindako lan eskergaren emaitza:

1617ko urtarrilaren 1: Maala ermita 

Udalak Maala ermitako etxezain Domingo Irigoiengoa izendatu zuen. Ermita hori 1608 urtean hasi  ziren eraikitzen, Herlaegi auzoan, baina ez zuten inoiz bukatu. 1685 urtean, berriz, Errabaleko ospitalea egoera txarrean zegoenez, Errekaldean ospitale berria egitea erabaki zuten, ermitaren orubean hain zuzen.

1505eko urtarrilaren 2: Archivos Municipales (1481-1520)

Soraluzeko Udalak "Ordenanza sobre el arrendamiento de la alcabala y relación del gravamen que se debe aplicar a los diferentes productos por este impuesto" onartu zuen. Hurrengo urtean (1506/01/20) produktu gehiago zergapetu zituzten.

1928ko urtarrilaren 2: Eusebio de Calonje

Eusebio de Calonje hil zen. 1913 urtetik Soraluzeko Compañia Anónima de Placencia de las Armas enpresaren zuzendaria zen. Urte batzuk geroago bere anaia Alejandro SAPAko zuzendaria izendatu zuten, oso eragin handikoa.

1978ko urtarrilaren 4: Arregia Jauregia

Eusko Jaurlaritzak Arregia jauregia kultur ondasun kalifikatu izendatzeko espedientea ireki zuen.

1895eko urtarrilaren 5: Alberdi zentrala

Alberditarrek Olako presa eraikitzeko emakida lortu zuten. Dena dela, presa ez zen bukatu 1929ko ekainak 19a arte. 

1947ko urtarrilaren 7: Txurruken auzunea

Gerraostean izandako inmigrazioarengatik Soraluzen etxebizitza falta handia zenez, herriko enpresariak bildu ziren berriak egiteko. Egun honetan Txurruken eta Salon baserrien ortuak erosi zituzten, 4.307,82 m2. Prezioa ere bizkor 'adostu' zuten, gerra osteko giroari esker: metro koadroko 32 pezeta.

1949ko urtarrilaren 7: Aurea Etxaniz

Aurea Etxaniz (1922-2019) raketista profesionala Tenerifen ezkondu zen, bere karrera profesionala utziz. Gero senarra eta biak Caracasera joan ziren, bertan bizi izatera.

1845eko urtarrilaren 8: Diccionario de Gorosabel

Udalak antolatzeko legearen ondorioz, ordutik aurrera alkateak, bi teniente-alkatek eta bederatzi errejidorek osatuko zuten  Soraluzeko Udala.

2003ko urtarrilaren 8: Larreategiko zubiak

"Arratsaldeko ordu batean, Larreategi zubietako baten 4. zutabeko hiru dobela askatu ziren; 70 bat zentimetro behera egin zuten, baina ez zen dobelarik erori: zintzilik geratu ziren. Bada ezpada, GI-627 errepidea eten zuten, erortzeko arriskua zegoelakoan (dobelak, zutabeak... zubi osoa). Errepidea astebetez egon zen moztuta. 

Istripua izandako zubia ez atzera ez aurrera geratu zen hainbat hilabeteetan, baina zubi paraleloak aurrera egin zuen. Autobidea zabaldu zutenean zubi bakarra zegoen bukatuta. Bigarrena ia urtebete geroago zabaldu zuten”. 

1513ko urtarrilaren 9: Archivos Municipales (1481-1520) 

Soraluzeko Udalak "Ordenanza Municipal sobre la concesión de solares de titularidad pública, para ampliar la población" onartu zuen.

1818ko urtarrilaren 9: Canción al Rey y a la Reyna

Borboiko Maria Isabel Luisa printzesa hil zen, jaioberritan. Jaio zenean Manuel Tapiak  Canción al Rey y a la Reyna konposatu zuen Soraluzen.

1831ko urtarrilaren 9: Plaza Barriko iturria

Orduko jauntxoak Udaletxean bildu ziren, Antonio Maria de Aldasoro alkateordearen zuzendaritzapean. Herrikaskoan ur gutxi eta eskasak zirela eta, Ipiñarrietatik ekartzea erabaki zuten; gainera, lanak ordaintzeko zerga bereziak onartu zituzten: ardo azumbre bakoitzeko bi marabedi, eta okela libra bakoitzeko beste bi. Denok alde agertu ziren, Manuel de Arluciaga kenduta; azkenik, lanak lehenbailehen asteko erabaki zuten, hurrengo udaberrian. 

1885eko urtarrilaren 10: Rafael Hernández Francés

Rafael Hernández Francés Palma de Mallorcan jaio zen. Gurasoak Luis Hernández Barbero (Artilleria komandantea) eta Mª Concepción Francés Roselló izan zituen. Gerra garaian SAPAko zuzendaria zen, eta bere etxean atxilotuta izan zuten. Gerra ostean zuzendari izendatu zuten atzera.

1977ko urtarrilaren 11: Mendikute dorretxea

José María de Areyzaga y Magallón jaunari, Mendikute dorretxearen jabeari, baroi titulua onartu zioten Espainian. Baroi titulu hau Austriako Fernando II.ak bere arbaso bati eman zion, Bernardo Areyzaga y Zandategui jaunari hain zuzen.