Ispilua euskailutik aterata… berriro

Ubane Madera 2020ko urt. 9a, 09:24
Ispilua lurrean, atzo iluntzean.

Atzo iluntzean, eguaztena, lurrean azaldu zen Atxuriko tuneleko ispilua. Azaroan ipini eta astebete eskasera kendu zuten paretatik lehen aldiz, orduko hartan euskailu eta guzti. Bere lekura bueltatu zutenean, ipini eta gutxira, ispiluaren erdian zartakoa egin zuten; eta orain, atzera ere lurrean azaldu da, euskailutik aterara. 

Badirudi norbaitek edo norbaitzuk ez dutela gustuko Atxuriko tuneleko ispilua, izan ere, azaro amaieran ipini zuten, eta apenas bi hilabete hauetan, gutxienez, birritan kendu dute bere lekutik, eta behin ispilua bera apurtzen saiatu dira. 

Herritar batek egoera ikustean zera esan du: “Halakoak ikusita, herri honetan edozer gauza ipintzeko gogoa joan egiten da”.

Parekidetasun Batzordean erabaki zuten ispilu hori ipintzea, kontsideratuta Atxuriko tunela puntu beltza zela emakumeen segurtasunerako.