Ciberbullying-a eta Interneteko arriskuak

Ubane Madera 2020ko urt. 8a, 15:40

Bihar, eguena, Institutuko 50 ikasle inguruk ciberbullyingari eta Interneteko arriskuei buruzko hitzaldia izango dute, Herriko Antzokian. 15:00etan hasiko da, Deba-Urola komisariako David Mekolalde hurbiltzailearen eskutik. Hauspoa programaren barruan dago ekimena.

Kasu errealak oinarri izanda, bihar, eguena, Interneteko arriskuez ohartaraziko die David Mekolalde ertzainak Soraluzeko Institutuko lehen mailako ikasleei. 50 bat entzule izango ditu Deba-Urola komisariako poliziak. Bestelako arriskuen artean, ziberjazarpena izango dute aztergai.

Edurne Burgoak, BHI Institutuko zuzendariak jakinarazitakoaren arabera, urteak daramatzate gazteekin gaia lantzen ikastetxean: “Lehen, 4. mailako ikasleei zuzenduta egiten genuen, baina ikusi genuen beranduegi zela, eta orain 1. mailako ikasleekin egiten dugu. Eraginkorra da hitzaldia. Askotan, hari esker gazteek ikusten dute eurendako normala dena ezin dutela egin”.