Otsailaren 21ean, barikua, 22an, zapatua, eta otsailaren 25ean, martitzena, izango dira 2020ko Aratusteetako ospakizunak Soraluzen. Eta azken urteotan moduan, Aratuste batzordeak egin du zapatuan mozorrotzeko gai proposamena: Animaliak.
Lehiaketa
Horrekin batera, mozorro lehiaketa ere antolatu dute, ohiko arauekin: taldeka aurkeztu behar da lehiaketara eta talde-argazkia atera beharko da otsailaren 22an kontzejupean ipiniko duten photocallean, gero honako whatsapp zenbakira bidaltzeko: 688 61 36 98.
Mozorroak sei punturen arabera baloratuko ditu epaimahaiak: erakutsitako umorea; sortzen duten giroa; originaltasuna; janzkera; eszenografia eta mozorroak gaiarekin duen lotura.
Epaimahaiari berari dagokionez, Aratuste batzordeak izendatutako hainbat lagunek osatuko dute, eta haren puntuazioak %60ko pisua izango du puntuazio orokorrean. Puntuen gainontzeko %40a herritarrek erabakiko dute, Plaentxia.eus-en egingo den bozketaren bitartez (otsailaren 23an 13:00etan hasi, eta otsailaren 24ko 00:00ak arte).
Sariak bikoiztuta
Lehiaketak hiru saridun izango ditu; aurten gainera, sarien kopurua bikoiztu egingo du Udalak: 300 euro eskuratuko ditu lehen sailkatuak, 200 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarren taldeak. Iazko irabazleak honakoak izan ziren: Soraluzix, Tintin eta Paulicia.