Eskuzabal datoz Errege Magoak

Erredakzioa 2020ko urt. 4a, 09:12

Ekialdetik abiatu eta Soraluzera bidean dira hiru Errege Magoak. Haien mezulariek jakinarazi dutenez, opariz gainezka datoz, betiko moduan: badakartzate 600 opari inguru eta 50 kilo gozoki. Bihar, 19:00etan egingo dute desfilea, zaldiz, Atxurin hasita.

Bidean dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak. Zarautzen zain dituzte desfilerako zaldiak, eta domekan ailegatuko dira Soraluzera.

Iluntzean, Mesedeetako Amaren egoitzako bizilagunak bisitatuko dituzte. Badakartzate haiendako opariak ere. Eta 19:00etan Atxuriko parketik jaitsiko dira erdigunean desfilea egiteko. 

Zaldiz zeharkatuko dituzte kaleak, Ezozibideraino. Bidean zain izango dituzten herritarrak, eta batez ere, umeak agurtu, eta guztiei partituko dizkiete gozokiak. 

Eta borobiltzeko, eliz atarian harrera egingo diete bertaratzen diren ume guztiei. 600 opari banatuko dituzte haien artean.