Ia-ia zulora joan da autoa

Ubane Madera 2020ko urt. 2a, 09:49

Ezusteko handia izan du gaur goizean Gabolatseko bizilagun batek. Autoa hartu eta frenoa zapaldu nahian, konfunditu eta azeleragailua zapaldu du. Horren ondorioz, autoak Gabolats kaleko 21. zenbakiko baranda jo du eta ia patioko zulora jausi da. Garabia 09:00ak ingururako iritsi da, eta eroan egin du autoa. Zorionez, ez da zauriturik izan.

Irudi ikusgarria laga du goizean etxearen kontra joan den ibilgailuak. Gabolats kaleko 21. zenbakiko barandak eutsi dio kotxeari. Hari esker ez du jo etxearen horma eta ez da jausi errepidearen eta etxearen bitarteko zulora. Hori bai, gidariak susto galanta hartu du.

Udaletik helarazitako informazioaren arabera, istripua izan duen autoak egokituta ditu pedalak. Ohikoa ez den gidari batek hartu du hura goizean, eta pedalez konfunditu, eta frenoa erabili nahian, azeleragailua zapaldu du, nahi gabe.

Datozen orduotan, adituek kalteak baloratuko dituzte.