3.350 zenbakiak irabazi du Bizikaleren otarra

Ubane Madera 2019ko abe. 31a, 14:30

Gaur, eguaztena, 12:00etan egin dute Bizikaleren otarraren zozketa, Plaza Berrian, eta 3.350. zenbakia izan da irabazlea. Zenbakiaren jabeak 15 eguneko epea du azaltzeko; azaldu ezean, ordezko zenbakia aterako dute Bizikaleko ordezkariek. Bestalde, gaur, izotz-pista 17:00etatik 19:30ak bitartean zabalduko dute.

Bizikale Merkatari Elkarteko ordezkariak bertan zirela, ume baten esku garbiak atera du zakutik otarraren zenbaki irabazlea: 3.350; zozketa bera kamera aurrean grabatu dute, prozesuaren gardentasunarekiko zalantzarik izan ez dadin.

Kontuak kontu, oraingoz ez da azaldu zenbaki irabazlearen jabea; eta datozen 15 egunotan azaltzen ez bada, beste zenbaki bat atera eta ordezko horri emango diote otarra. Ez da, gainera, nolanahiko saria. Zubian, Belarrak dendaren lehenagoko erakusleihoan ikusgai dago, eta denetik dauka: jakiak, jantziak, osagarriak, kapritxoak… hain justu, Bizikaleko bazkide guztien artean osatutako otar ikusgarria.

Gazte-helduak pistara

Bestalde, Bizikaletik iragarri dute gaur, Gabon Zahar egunean arratsaldez ere zabalduko dutela izotz-pista: 17:00etatik 19:30era, eta bertaratzeko gonbita egin dute, batez ere, gazte-helduei, orain arte halako asko ez da-eta pistan ibili.