Noiz sortu zitzaizun amamaren historiarenganako jakinmina?
Amamarekin harreman estua izan dut beti eta sarri kontatu izan dizkit gerra garaiko kontuak, orain arte beste inori kontatu ez dizkionak, urte guztiotan gerraren gaia tabua izan delako. Gehiago galdetzen hasi nintzen, anaiak (Martinek) elkarrizketa batzuk egin zizkion eta pentsatu nuen merezi zuela dokumental batean jasotzea.
Zergatik dokumentala?
Egin genezakeen geuretako bideo bat, baina interesgarriago iruditu zitzaigun amamaren historia jendeari kontatzea, azken batean, beste emakume eta familia askok bizi izan zuten historia bera delako eta beharbada beste askok ez dutelako kontatu ahal izan edo ez dutelako kontatu nahi.
Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua hori kontatzea?
Garrantzitsua da jakitea norbere familian zer gertatu zen, ahal den neurrian historia hori hurrengo belaunaldiei jakinarazteko eta transmititzeko, zeren kontakizun hauek ez daude historiako liburuetan.
Amamak zazpi urte zituen baina harrigarria da zenbat gertaera eta detailerekin akordatzen den. Hori bai, gertaera asko umorez kontatzen ditu, seguruenik gaztetasun horren eraginez. Horregatik jaso ditugu datu historikoak ere, kontakizun hori osatzeko.
Balmasedara ere joan zarete?
Bai, amamarekin joan ginen. Amama Balmasedara bueltatu barik zegoen laurogei urtean eta oso momentu berezia izan zen. Gainera, gerra garaian familia egon zen etxean ere izan ginen.
Bertako memoria historikoko lan taldekoekin ere bildu zarete.
Bai, Soraluzekoekin eta Balmasedakoekin. Amamaren testigantzari testuinguru bat eman nahi genion eta asko lagundu digute. Balmasedan ere oso ondo hartu gintuzten eta bertan izan ziren plazentziatar guztien zerrenda ere eman ziguten.
Lana Ana Mariren lau loiben artean osatu duzue.
Bai. Dokumentala nik zuzendu dut, baina elkarrizketak Martinek egin ditu. Jonek eta Ekaitzek ere lagundu didate, testuekin eta irudiekin. Guretzat munduko dokumentalik garrantzitsuena da, noski, gure amamaren testigantzak direlako, baina uste dut gainerako publikoarendako ere interesgarria izan daitekeela.
Zein publiko espero duzu proiekzioan?
Urtarrilaren 3an Soraluzen proiektatuko dugu eta aurrerago Balmasedan ere bai. Uste dut, batez ere, adineko jendea etorriko dela, kontatzen diren antzeko egoerak bizi izan dituztelako, baina espero dut gazteak ere etortzea, egileok ere gazteak garelako. Ikusten duenari gogoetatxo bat eragiten badio, ni horrekin konforme.