Gaizka Azkaratek, Martin eta Jon anaien eta Ekaitz Uzin lehengusuaren laguntzaz, ‘Bueltan’ izeneko dokumentala ekoitzi du, gerra hasi zenean zazpi urte besterik ez zituen Ana Mari Argarateren (Soraluze, 1929), euren amonaren, testigantzetan oinarrituta. Testigantza horiek osatzeko, Soraluzen eta Balmasedan gerraren gaineko historia landu duten taldeetako bi kideren azalpenak ere jaso ditu: Ana Maiztegirenak eta Zunbeltz Matabuenarenak.
“Beltzen” beldur
Ordubete inguruko dokumentalean, Ana Mari Argaratek kontatzen du nola 1936ko udan, Soraluzera gerrako frentea hurreratzen ari zela, ama eta bost seme-alabek osatzen zuten familiak erabaki zuen herritik ihes egitea, Bizkaiko Balmaseda herrian babestuz. “Tropa nazionalak gero eta hurbilago zeuden eta herrian beldur handia zabaldu zen, batez ere, soldadu beltzenganako beldurra. Horregatik erabaki zuten ihes egitea, herriko beste hainbat eta hainbat familiak erabaki zuten bezala, Bizkai aldera”, zehaztu du Gaizkak.
Balmasedatik bueltan, etxea hutsik
Balmasedan egin zuten egonaldian, Ana Marik eta bere familiak bertatik bertara ezagutu zuten gerra: bonbardaketak, tiroketak, babeslekuak. Ia urtebete egin zuten bertan, harik eta 1937ko ekainean, ordurako gerra galduta zegoenaren jakitun, Soraluzera bueltatzea erabaki zuten arte. Etxera heldu zirenean, ordea, etxea hutsik topatu zuten, auzokideek eroan zizkietelako altzari eta gainerako ondasun guztiak. Hala ere, ondorengo hilabeteetan, beste auzokide batzuen laguntzaz, lortu zuten haietako batzuk errekuperatzea.
Gerra osteko urte gogorrak etorri ziren gero: auzokideen salaketak, errepresioa, behartutako soldadutza, euskaraz berba egiteko debekua… Gai horien eta beste hainbaten inguruan dihardu Ana Marik ikusentzunezkoan, garai hartan zazpi urte zituen neskatilaren xalotasuna eta gaur egunean 90 urte dituen amamaren zorroztasuna uztartuz.