Bergarara joan da sari nagusia

Ubane Madera 2019ko abe. 30a, 09:05

Kontrargiren 2019ko Argazki Rallyak baditu irabazleak: Herriko Argazkilari Onena Carlos de Cos izan da; lehen sariduna, berriz, Jose Luis Feo; bigarrena Javier Quiros eta hirugarrena Jose Angel Amutxastegi. Zapatuan entregatu zituzten sariak, Oruesagasti fabrikan egindako doitasun-azkoin erraldoiak, hain zuzen.

2019ko Argazki Rallyra aurkeztutako argazki guztiak erakutsi ondoren egin zuten Kontrargi Argazki Kolektiboko kideek sari banaketa, herenegun, zapatua, Elkartegian. Iker Aldazabal alkateak eta Ramon Gallastegi zinegotziak entregatu zizkieten sariak: doitasun-azkoin erraldoiak (adituentzat) ala torloju erraldoiak (beste guztiontzat).

Sariak puntarik punta

Ezusteko gutxi izan zen izenak jakinarazi zituztenean, irabazle guztiak kalitate handiko argazkilari ezagunak baitira. Kontuak kontu, Carlos de Cosek eskuratu zuen 12 kiloko doitasun-azkoin erraldoietako bat, Herriko Argazkilari Onena izatearren;  halako beste bat eman zioten Jose Angel Amutxastegi donostiarrari, hirugarren saridun modura; 13 kiloko azkoina eskuratu zuen, berriz, bigarren sari modura Javier Quiros beasaindarrak. Eta Jose Luis Feo bergararrak eraman zuen saririk pisutsuena eta handiena: 16 kiloko doitasun-azkoina.