Sebas Etxaniz 1992an atxilotu zuten, Bizkaia komandoko kide izatea egotzita, eta 80. hamarkadan hainbat Guardia Zibil eta Poliziaren hilketetan parte hartzea leporatuta zigortu zuten. Gaur egun adinez nagusiena den euskal presoa da. Horregatik, eta bigarren graduan dagoelako eta dagoeneko beteak dituelako zigorraren hiru laurdenak, Sare gizarte mugimenduak behin baino gehiagotan eskatu du legedia arrunta aplikatu eta dagozkion onurak ezar dakizkion. Hainbat instituzio publikok ere egin dituzte antzeko eskariak (Gipuzkoako Aldundiak, Soraluzeko eta Elgoibarko Udalek). Hala ere, kartzeletako zuzendaritzak ez dio kalera ateratzeko baimenik eman. Aldaketarik ezean, kartzelan jarraitu beharko du 2024ra arte.
Urteotan zenbat kartzela ezagutu dituzu?
Lau. Soto del real (Madrid), Valdemoro (Madrid), Villena (Alicante) eta Villabona (Asturias). Denetan gogorrena Alicantekoa.
Zergatik?
Funtzionarioak oso gogorrak direlako, gorroto handia digute. Zakurrak bezela tratatu izan gaituzte, egoera humiliagarriak biziraziz. Asturiasko funtzionarioak lasaiagoak dira, baina hala ere, orain moduluz aldatu dituzte. Lehen hirurogeita bost preso zeuden eta orain ehun eta hogeita hamar. Pentsa!
Hilero joaten zara bisitan?
Bai. Nik aurrez aurreko bisita izaten dut (bis a bisa) hilero eta lagunak astero joaten dira.
Nolakoak izaten dira bidaiak?
Alicanten, esaterako, gau guztia furgonetan eman eta gero han arratsaldeko zazpiretan jartzen zizkiguten bisitak.
Telefono deiak ere izaten dituzu?
Bai, astean bost. Zortzi minutukoa bakoitza.
Egoera honetan zer egiten zaizu neketsuena?
Hainbeste gauza dira… Etxera joan eta bakardadea sentitzea, lagunak eta familia ikustea euren bizimodua egiten… Urte asko dira erbestean eta kartzelan eta dagoeneko biok goaz adinean gora.
Noizbait izango dugu berriz elkarrekin bizi izateko aukera?
Hala ere, beti umoretsu azaltzen zara. Bai, kalean bai, neu izakeraz halakoxea naizelako baina negar asko egin dut. Eskerrak laguntza handia daukadan…
Jendearen babesa sentitzen duzu?
Bai, lagunen eta familiaren babesak asko laguntzen dit. Eskerrak eman beharrean nago. Mobilizazio asko egin dira adineko presoak aske lagatzeko eskatuz.
Pentsatzen duzu lortuko dela baldintzak arintzea?
Ez. Ez nik eta ez berak. Asko aldatu beharko du egoerak. Orain bigarren graduan dago, zigorraren hiru laurdenak beteta, hirurogeita hamasei urte, eskaera guztiak bideratu ditu baina hala ere, ez diote ematen ateratzeko baimenik. Zuzenena litzateke Zaballara ekartzea eta beste bide bat hastea baina...
Agintariek diote autokritika egiteak lagunduko lukeela.
Presoek onartu zuten mina eragin zutela eta etorkizunean beste bide bat jorratzea, baina horrek ere ez du balio izan. Beti eskatzen diete gehiago. Aitzakiak dira. Zigor handiak ari dira betetzen. Baina orain zergatik ez zaie aplikatzen legedia arrunta?