A Tuti Plaineko kideek ere '564' abestia kantatzera deitu dituzte herritarrak

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 26a, 23:10

A Tuti Plain-eko kideek ere bat egin dute Gabonetan Hertzainaken '564' abestia kantatzeko sortu den ekimenarekin eta soraluzetarrak deitu dituzte abenduaren 31n Sarek antolatuta zubian egingo den kantaldian parte hartzera.

Orain dela egun batzuk, Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiak iragarri zuen Gabon gauean '564' abesti ezaguna kantatuko zuela Otxandioko plazan, "Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde, kanta hau behingoz historiara pasatzeko desioarekin". Harrezkero, Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat musikarik bat egin dute #246OheHuts deitu dioten ekimenarekin, eta herrietako elkarretaratzeetan ari dira kantatzen.  

Soraluzen, A Tuti Plain taldeko kideek bat egin dute ekimenarekin eta herritarrak gonbidatu dituzte abenduaren 31n, datorren martitzenean, arratsaldeko 19:30ean, zubian egingo duten kantu-elkarretaratzean parte hartzera. Elkarretaratzea Soraluzeko Sarek antolatu du zuzeneko musikarekin batera, kantuaren letrak ere banatuko dituzte. 

Bestalde, abenduaren 27an, barikuan, hilabete amaierako ohiko elkarretaratzea deitu du Sarek, arratsaldeko 19:30ean, Plaza Berrian.

Autobusak urtarrileko manifestaziorako

Sarek autobusak antolatu ditu urtarrilaren 11n 'Orain presoak' lemapean Bilbon egingo den manifestaziora joateko. Goizeko autobusa 11:00etan aterako da eta arratsaldekoa 15:30ean,Estaziñoko geltokitik. Izen-ematea zabalik dago Bolia eta Arrano tabernetan.