Olentzero eta Mari Domingi eguerdi partean ailegatu dira Soraluzera, menditik jaitsita eta galtzagorriek lagunduta. Gaurkoan lagun asko izan dituzte zain, baita Malaysiatik etorritako bisitari batzuk ere.
Ezozi bideko biribilguneraino kalejira egin ondoren, kiroldegira joan eta hantxe hartu dituzte ume eta gazte guztien gutunak eta desioak. Batek Portugaldik eta guzti deitu dio, hara joanda baitzegoen eta ez zuen-eta galdu nahi Olentzerorekin berba egiteko aukera.
Bada, ondo apuntatu dituzte gaur entzundakoak eta orain atseden hartuko dute, gauean nahikoa lan izango dute-eta, eskatutakoak eta bestelakoak etxerik etxe partitzen.