Eskola auzolanean margotzen, buru-belarri

Ubane Madera 2019ko abe. 23a, 18:08

Barikuan hasi, zapatuan segi, eta baita gaur, astelehena ere. Hainbat guraso buru-belarri dabiltza egunotan Plaentxi Eskolako pasilloa auzolanean margotzen. Datorren barikuan, abenduaren 27an, egin dute hurrengo hitzordua, eta ateak zabalik daude parte hartu nahi duten guztiendako. Izan ere, urtarrilaren 7rako, oporrak bukatzen direnerako dena gertu laga nahi dute. 

Zinta ipini, ateei eta paretei lehen kolore kolpeak eman… eta hirugarren egunez, fin-fin dabil guraso taldea Plaentxi Eskolako beheko solairuko pasilloa eta bertako ateak margotzen. Aurreikusitakoa baino lan handiagoa egin beharra dagoela ikusi zuten lehen egunetik bertatik, eta harrezkero, goizez eta arratsaldez lan eta lan dabiltza.

Gaur ere, astelehena, horretantxe ibili dira egun osoan, eta iragarri dute barikuan segitu egingo dutela. Lagundu nahi duena ongi etorria izango dela azpimarratu dute, eta gainera, datorrenak hamaiketako ederra izango duela! 

Horretarako, hori bai, aldez aurretik Soraluzeko Eskola Auzolan whatsapp taldera mezua bidaltzea eskatu dute. Beraz, auzolanerako aurreikusitako azken eguna urtarrilaren 4a, zapatua, da.