Gazte bat hil da istripuz, autoa Ansolaneko parean ibaira jausita

Ubane Madera 2019ko abe. 21a, 09:46
Bidea itxita, 09:20an. Artean garabia autoa ibaitik ateratzeko lanean zebilen.

M.F.H. 34 urteko gaztea hil egin da gaur goizaldean Soraluzen. Hildakoa ez da Soraluzekoa. Poliziak emandako informazioaren arabera, Eibarko noranzkoan zihoala, haren ibilgailua paretaren kontra jo eta ibaira jausi da. 04:41ean jaso dute suhiltzaileek abisua, eta eurek atera dute gorpua ibaitik. Errepidea zabaldu berri dago, ibaitik ibilgailua ateratzeko garabiak lanak bukatu berri ditu-eta. 

GI-627 errepidean gertatu da istripua, 04:30ean. Volkswagen Golf markako automobila Eibarko noranzkoan zihoala, Ansolaneko errebueltan paretaren kontra jo eta ibaira jausi da. 

04:41ean jaso dute suhiltzaileek abisua eta 05:00ak ingururako bertan zeuden polizia, suhiltzaileak eta osasun arloko profesionalak. Baina ezin izan dute ezer egin gidariaren bizia salbatzeko. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, gidaria 34 urteko gaztea zen, auto barruan geratu da trabatuta, eta suhiltzaileak iritsi direnerako hilda zegoen. Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, gorpua 05:35erako atera dute auto barrutik, autoaren zatiak ebaki eta gero.

Poliziaren arabera, hildakoa ez da Soraluzekoa, baina oraindik ezin dute esan nongoa den, harik eta haren familiari heriotzaren berri eman arte. 

Istripua gertatu denetik 09:30ak arte errepidea itxita izan da bi noranzkotan, baina dagoeneko zabalik dago berriz, garabiak autoa ibaitik atera du eta.