Plaza Zaharreko karparen babespean, zortzi artisauk oparo erakutsi zituzten eskuz landutako produktuak atzoko azokan. Gabon bezpera egunetan propio antolatzen dute artisautzako azoka hori, herritarrei bertako opariak erosteko aukera emanez.
Helduendako zein umeendako jantziak, bitxiak, osagarriak, elikagaiak… denetarik izan zen aukeran. Eta batek baino gehiagok baliatu zuen hura erosketak egiteko. Hori bai, saltzaileek diote iaz baino jende gutxixeago ibili zela azokan. Hala ere, azpimarratu dute benetan eskertzen dutela herritarrek egiten dieten harrera, beroa eta eskerronekoa izaten delako.