Goizean goizetik buru-belarri eta etengabe dabiltza lanean udal langileak eta udaltzainak haizeak eragindako kalteak konpontzen. Une honetan, Zeletatik gora doan errepidean daude, lehenengo errebuelta handia pasata, haizeak bota dituen bost pinuak bertatik erretiratzeko lanean, motozerrarekin. Lehenago, San Andreserako errepidea libratu dute, Argarate baserri inguruan pinua alderik alde jausi da-eta errepidera.
Pinuak, luiziak…
Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera, Txurrukara bidean ere pinu ugari bota ditu haizeak. Eta bidegorrian pinuren bat jausita dagoen abisua ere jaso dute. Hura itxita dago, hain justu.
Lekuko batek kontatutakoaren arabera, “oraintxe bertan eta etengabe” ari dira pinuak jausten mendian. “Lurra oso bustita dago, eta ez die sustraiei eusten, eta pinudian bertan pinuak jausi eta jausi ari dira. Oso arriskutsu dago egoera”, kontatu du baserritarrak.
Zuhaitzak erortzeaz gain, luizia ere gertatu da Karakatera bidean, eta Zeletako ur-biltegiko hainbat pusketa apurtu ditu haizeak.
Kalera etorrita, berriz, Plaza Zaharrean botata ageri dira Batzokiko eta Txokoko eguzkitarako toldoak, eta Plaza Berrian, gaztaina-saltzailearen etxolako teilatua bere lekutik atera du haizeak, besteak beste.
Hobera
Eguraldi adituen arabera, goizak aurrera egin ahala, haizea ahultzen joango da, eta eguraldia baretzen joango da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!