‘Cuentos de Calipso’ liburua kalean da

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 12a, 12:07

Azaroaren 14an aurkeztu zuten liburua antzokian eta duela aste batzuetatik eskuragarri dago Iratxo goxodendan eta Amazon plataforman.

Mikroipuinak, poesiak, kantuak, nobela zatiak… jasotzen ditu Calipsoko literatur taldeak argitaratu berri duen ‘Cuentos de Calipso’ liburuak. Hala azaldu zuten Maria Luisa Blascok, Elena Perezek eta Eduardo Bujanda arrasatearrak azaroaren 14an antzokian egin zuten aurkezpenean. 

Calipso taldeko kideek azaldu zutenez, liburua “egia bihurtu den ametsa” izan da eta balio izan du besteak beste, orain arte euren testurik argitaratu ez zuten hainbat autore anonimoren lanak argitaratzeko. Izan ere, liburuan, Calipso taldeko soraluzetarrez gain, urteotan "josi" duten "literaturzaleen sareko" beste hainbat pertsonek ere parte hartu dute; guztira, 12k. Tartean Valladoliden, Granadan, Kanarietan, Mexikon eta Argentinan bizi diren pertsonak, adin guztietakoak. Pertsona horietako askok lehen aldiz argitaratu dituzte euren idatziak eta horrek balio izan die "norbere testuak beste batzuek irakurtzeak ematen duen bertigoa kentzeko". Autoreen testigantzak bideo batean jaso dituzte.

Liburua Amazonek eskaintzen duen autoedizio zerbitzuaren bitartez argitaratu dute (500 ale) eta eskuragai dago Iratxo goxodendan, Gabolatseko Estankoan eta Amazon plaforman, 12 euroren truke.