Erresidentzietako greba

“Aldundiak ematen duen dirua ez da nahikoa”

Erredakzioa 2019ko abe. 11a, 07:48
Naiara Martin.

Naiara Martin (Soraluze, 1983) Mesedeetako Amaren Egoitzako langilea da eta ELA sindikatuko delegatua duela bost urtetik. Iazko irailean, Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizazioak hasi zituzten Gipuzkoako eta enpresetako lan-hitzarmenak berritzeko helburuz eta ordutik buru belarri dihardu mobilizazioak antolatzeko lanetan. Azaroaren 11tik gaur arte greban izan dira eta akordiorik lortu ez dutenez, baliteke etorkizunean ere greban jarraitzea. 

Zein dira greba egiteko arrazoi nagusiak?

2016tik soldatak izoztuta ditugu, enpresako lan-hitzarmena sinatu barik dagoelako. Gipuzkoakoa, berriz, 2011tik dago sinatu barik. Guk eskatzen duguna da bi lan-hitzarmenak eguneratzea: soldatak eguneratzea, diposizio libreko bi egun gehiago izatea, asteburu eta gauetako plusak handitzea, aintzinatasuna kontuan hartzea eta egoiliar bakoitzari, gutxienez, bi ordu eskaintzeko aukera emango diguten ratioak ezartzea. Kalkulatu zenbat denbora behar den pertsona bat dutxatzeko, gosaltzeko, oheratzeko... Eta kontuan hartuta aitita-amama bakoitzarekin egoteko denbora ez dela bi ordura heltzen. Atera kontuak zenbat denbora egiten dugun aitita-amama bakoitzarekin.

Egoera zelakoa da Mesedeetako Egoitzan?

Egia da, ratioei dagokienez, gure egoitzan nahiko hurbil egon gaitezkeela eskatzen denetik, baina ez gara bi ordura heltzen eta beharrezkoa da. Zuzendariak ratiora heltzen garela dio, baina langileok uste dugu ezetz. Egia da, urte batzuetan jende gehiago kontratatu izan denean, lasaiago ibili izan garela, baina kontratazioak jeisten direnean, berriz ere egoera berera bueltatzen gara.   
Mesedeetako Egoitzaren egitura berezia da. Bai. Gipuzkoako egoitzetako plazarik gehien-gehienak kontzertatuak dira eta Soraluzekoak ere bai, baina gurean egoitzaren jabea irabazi asmorik gabekoa patronatu bat da, ez enpresa bat beste egoitza gehienetan bezala. Patronatu horretan daude alkatea, alderdi bakoitzeko zinegotzia, abadea, bi senide eta izendatutako zuzendaria. Langileak ere joaten gara baina ez dugu botorik. 

Zure ustez zein da konponbidearen gakoa?

Dirua ipini behar duena Gipuzkoako Aldundia da. Gizarte Politikako Diputatuak gatazkaren ardura berea ez dela dio, baina bada, diru iturri nagusia berak kudeatzen du eta. Arazoa da Aldundiak ematen duen dirua ez dela nahikoa eta horregatik eskatzen diogu diru gehiago jar dezan, enpresek ratioak handitzeko aukera izan dezaten. 

Urtebete da mobilizatzen hasi zinetela. Bai, lehen mobilizazioa iazko irailean egin genuen; hiru eguneko greba. Urrian astebetekoa izan zen, azaroan luzeagoa eta horrela. Lanuzteak izaten dira, gurean oso zaila da greba indefinituak egitea gutxieneko zerbitzuak oso altuak direlako. Ez da fabrikan bezala. Fabrikan makinak gelditu egiten dira eta horrek enpresari min egiten dio. Gurean ez. Etxean gelditzen denak dirua galtzen du eta lanera doanak osasuna, erritmoa oso altua izaten delako. Azken batean, greba jasaten dutenak egoiliarrak dira, eta ez zuzendaritza. 

Egoiliarrek zer diote?

Haserre daude, eurak direlako greba jasaten dutenak: astebetean dutxatu barik, gosari ezberdina, ohetik beranduago jaiki… Eta beste gauza asko. Eurentzat bezala, guretzat ere oso gogorra da, baina ez dugu beste erremediorik. 
Senideak oraintxe hasi dira mugitzen. Irailean elkarte bat sortu zuten, Gipuzkoako Senideak izenekoa eta gure mobilizioetan parte hartzen hasi dira, eta baita euren mobilizazio propioak egiten ere. Senideek dirua ordaintzen dute eta nahi dutena da aitita-amamak behar bezala zaintzea. 

Zela ikusten duzu etorkizuna?

Momentu honetan negoziazioa geldi dago, gure aukera bakarra kalera ateratzea eta gure mezua herritarren artean ahalik eta gehien zabaltzea da. Gizarteak jakin behar du egoera zein den eta presioa egin egoitzetako baldintzak hobetzeko.