Gabonetako artisautza azoka, domekan

Ubane Madera 2019ko abe. 11a, 11:32
Artisauak iazko Gabonetako azokan.

Domekan, Soraluzeko bederatzi artisauk saltokiak ipiniko dituzte Plaza Zaharreko karpan, Gabonetako eskulangintza azoka egingo dute-eta. 11:00etatik 14:30ak arte salgai izango dira eskuz egindako jantziak, bitxiak, gaztak, poltsak, oinetakoak, apaingarriak, umeendako gauzak eta abar luze bat. “Jendea bertaratzeko” animatu dute egileek.

Aupa Gu!, Oparitxoak, Egozako gazta, Amaia Amor, Iosune Casares, NS Sorkuntza, Kilikilima, Damaris eta Orratz joskintza. Horiexek dira domekan, Gabonetako eskulangintza azoka osatuko duten Soraluzeko artisautza markak. 

Bestela esanda, egongo da aukera honako produktuak eskuratzeko: kamisetak, barruko jantziak, jertseak, txamarrak, belarritakoak, lepokoak, ilerako apaingarriak, umeendako osagarriak, eskumuturrekoak, larruzko poltsak, oinetakoak, neurrira egindako jantziak, aterkiak eta abar luzea.  

Dekoratutako beira

Artisauetako batzuk buru-belarri dabiltza azokarako materiala prestatzen: “Ni bai, behintzat, neguko jantziak nabil prestatzen”, kontatu du Lorea de Castrok (Aupa Gu!). Hain justu, azken horrek esan du domekako azokan enkarguak egiteko aukera ere emango duela: “10-11 egun falta dira Gabonetarako, segun eta zer eskatzen den enkarguak onartuko ditut”. 

Eta berritasun bat ere izango du domekako azokak, artisau berria: Damaris. Beirazko ontziak margotu eta dekoratu egiten ditu, eta jakinarazi duenez, mendiko material naturala eta birziklatutakoa erabiltzen du.