Pediatra barik

Ubane Madera 2019ko abe. 10a, 11:12
Soraluzeko anbulatorioaren sarrera gaur goizean, martitzena.

Egonezina eragin du hainbat gurasoren artean jakiteak egunotan anbulatorioan ez dagoela pediatrarik. Bertan galdetuta, konfirmatu dute ezetz, aste honetan, behintzat, ez dela zerbitzu hori izango Soraluzen. Ondorioz, soraluzetarrek Elgoibarko anbulatoriora desplazatu behar dute.

“Ba nik aste honetan ez daukat autorik; horrela bada, zela joan behar dut Elgoibarrera, taxian?”. Galdera horixe egin zuen atzo, astelehena, guraso batek, jakin zuenean semeari pediatrak egin beharreko jarraipena akaso Elgoibarren egin beharko duela, Soraluzen ez dagoelako pediatrarik datorren astera arte. 

Abenduaren 16an txanda libre bakarra 

Izan ere, Soraluzeko anbulatorioan ez da izango pediatrarik abenduaren 16ra arte; eta datorren astean ere ez da erraza izango txanda lortzea, aste honetan pediatraren beharra zuten hainbatek nahiago baitute datorren astera arte itxaron Elgoibarrera joan-etorriak egiten ibili baino. Internet bidez kontsulta eginda, abenduaren 16an Soraluzen txanda bakarra dago libre pediatrarekin.

Kalean kexatzeaz gain, anbulatorioan bertan erreklamazioak aurkeztu dituztela ere jakinarazi dute beste hainbat gurasok, “guk ere ordaintzen ditugu zergak, Eibarko edo Elgoibarko herritarrek bezala; zergatik izan behar ditugu Soraluzen zerbitzu gutxiago eta eskasagoak?”, galdegin du. “Lotsagarria da!”, adierazi du beste batek.