Gipuzkoako ikastetxeen artean lehenak izan ziren, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Aitzindariak izateaz gain, ausartak izan ziren, euren kabuz erabaki baitzuten inork aplikatzen ez zuen sistema eraldatzailea erabiltzen hastea.
Bada, lau urte geroago, Plaentxi Eskola eredugarri bilakatu da gainerako eskola publiko askorendako.
Azken bi urteotan Plaentxi Eskolako irakasleak lau eskolatan izan dira esperientzia partekatzen: Zarauzko Orokieta, Oñatiko Errekalde, Barakaldako Artegabeitia eta Altzoko eskoletan; Zaldibiakoak eta Artziniegakoak ere egin diete bertaratzeko eskaera. Horrez gain, jakitun dira beste bi eskolak ere badutela interesa. Izan ere, erregeleten bidezko manipulazioak irakasleek espero ez zituzten emaitza harrigarriak eman ditu ikasleengan.
Liburukoa erregletekin
Eskolako irakasleen kezka batengatik hasi zen guztia. Pili de la Presak, zuzendaritzako ikasketa-buruak, esplikatu duen moduan: "Badira 6-7 urte irakaskuntzako metodologia aldatu eta ikasleen konpetentziak lantzen hasi ginela proiektuen bidez. Harrezkero, Lehen Zikloan (6-12 urte) ikasgai guztiak liburu barik lantzen dira, matematikakoa kentzea bakarrik falta zen. Ziklo hartako irakasleengan kezka sortu zen: matematikako testuliburua ez zen egoki ikusten, testuliburuarekin ez baikenituen lortzen nahi genituen emaitzak. Egoerari buelta emateko zer egin pentsatzen hasi ginen. Gure aholkulari zerbitzuarekin, Berritzegunerekin, harremanetan jarri ginen. Jakinarazi genien matematikako testuliburua baztertu nahi genuela, matematikak beste modu batera lantzeko. Proiektuka lan egiten zuten ikastetxeek matekmatika zela erakusten zuten galdetu genuen, eta ikusi genuen, batera edo bestera, funtsean guztien oinarria zela orain arteko metodologia. Beste aukera bat zen erregleten bitartez erakustea, baina horri buruz ez zekiten asko. Hala ere, testuliburua edo antzekoa erabiltzea guretzat ez zen aukera ona ,beraz, erregleten bidetik jo genuen. Ikasturte hartan bertan hasi ginen liburuak markatzen zuena erregleten bitartez erakusten, bestela esanda, EABA (Eragiketa Aritmetikoentzako Beste Algoritmoak) sistema erabilita".
Matematikak ulertarazi dituzte
2016-17 ikasturtean lehen mailakoekin eman ziren aurreneko pausoak. Ugalderen esanetan urte hartan bertan ikusi zituzten emaitzak: "Oso-oso txukunak. Umeak askoz ere motibatuago zeuden, matematikak ulertu egiten zituzten, ez bakarrik buruz ikasi (…). Azken batean, matematikan emaitzarik onenak dituztenek ez dituzte algoritmo tradizionalak erabiltzen".
Lehen mailako esperientzia klaustrokideekin partekatu ondoren, hurrengo ikasturtean 3. mailan ere metodologia horrekin lan egiteko erabakia hartu zuten.
Eta horrela, gaur egun Plaentxi Eskolako ikasle guztiek erregleten sistema erabiltzen dute matematikak ikasteko. Ez hori bakarrik, eskolari esker, haien gurasoek ere jaso dute erregleten gaineko ezagutza; eta esan bezala, orain gainera, eredua "esportatzen" dihardute.
"Matematiketan gu aurrean goaz, eta hori hemengo eskolak metodologia aldatzea erabaki duelako geratu da; irakasleen inplikazioa ikusgarria izan delako. Demaseko eskola dugu", azpimarratu du Ugaldek.
"Erregletekin errazago ulertzen dute"
Ane Arronategik (irakaslea), Edurne Ugaldek (irakaslea) eta Pili de la Presak (zuzendaritzako kidea) erregletekin izandako esperientzia esplikatu dute:
Zergatik ematen ditu emaitza hobeak erregleten sistemak?
Ikasleak matematika edukiak bereganatzeko hiru fase behar ditu: manipulatiboa, grafikoa eta sinbolikoa. Liburuak fase sinbolikoa bakarrik bermatzen du eta erregletek, berriz, hiru faseak.
Badiozue emaitzak harrigarriak direla…
Detaile bat: erregletekin ikasten, ikasle batek esan zuen: orain ulertzen dut nik hau, eta zailtasunik ez duen ikasle bat da. Gauza bera gertatu zaigu gurasoen ikastaroetan ere. Oro har, buruko kalkuluan eta hizkuntza matematikoan igarri dugun aldea harrigarria da. Ikasleen jarrera askoz ere parte-hartzaileagoa da eta zailtasunak dituzten ikasleek askoz ere errazago ulertzen dute, eta bakoitzak bere erritmoa jarrai dezake. Gainera, erregletekin batxilergoraino iritsi daiteke.
Inguruko inork ez zuen sistema ezagutzen, ezta aplikatzen ere; zuek zela landu duzue gaia?
Berritzegunek, gure aholkulari zerbitzuak, eman zigun haren berri eta gaian adituak diren Toni Martin eta Marcos Marrero kanariarrekin harremanetan jarri gintuen. Biak hemen izan dira, eta etengabe dugu harremana beraiekin, urtero. Bestalde, irakasleok eta zuzendaritzako kideok formazioari ordu asko eskaini dizkiogu gure kabuz. Toniren eta Markosen bideo guztiak ikusi ditugu, materiala sortu dugu, euskaraz ez baitago ezer… Etxean ordu piloa eskaini dizkiogu gaiari, eta oraingo irakasleek ere bai. Ildo beretik, bloga sortu dugu eta bideoak txertatzen ditugu bertan, guk hemengo eskolan egindakoa besteentzat baliagarria izan dadin. Izan ere, orain arte ez zegoen gaiarekin lotutako euskarazko edukirik.