Pentsioen aldeko soraluzetarren ahotsa ere izango da Gasteizen

Ubane Madera 2019ko abe. 9a, 15:44
Herritarrak Kontzejupean, gaurko elkarretaratzean.

Eguenean, abenduaren 12an, Gasteizera joateko deia egin du Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformak. 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarrean. Besteak beste, eskatuko dute EAEn berma ditzatela 1.080 euroko pentsioak beharrezkoa den osagarria Jaurlaritzak ipinita. Soraluzeko ordezkaritza ere izango da osteguneko protestan.

55 lagun inguru elkartu dira gaur Kontzejupean, pentsio publiko duinen aldeko asteroko elkarretaratzean. Bertan, gogora ekarri dute eguenean Gasteizera, Legebiltzarraren aurrera protesta egitera joateko deia egin dutela lurraldetik. Eta jakinarazi dute soraluzetarrek ere badutela aukera bertaratzeko Eibarkoek antolatu duten autobusean. 

Elkarretaratzean bertan izena eman dute hainbat lagunek, eta gaur oraindik ere badago aukera horretarako.

1.080 euroko pentsioak

Ostegunean 10:00etarako egin dute elkartzeko hitzordua Gasteizen, Bilbao Plazan. Eta 11:00etarako, berriz, Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo dute. Honako eskaera helaraziko dute: 

Euskal Autonomia Erkidegoan berma ditzatela 1.080 euroko pentsioak, beharrezkoa den osagarria Jaurlaritzak ipinita, harik eta Espainiako Gobernuak berak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu arte.