Obrako materiala lapurtu dute

Ubane Madera 2019ko abe. 9a, 12:07
Langilea lapurtu dutena moduko barra erakusten.

Aluminiozko barra handi bat eta bi txiki, eta sopletearendako gomak lapurtu egin dizkiete kiroldegiko obra egiten dabiltzanei. Joan den asteburuan antzeman zuten falta zirela. 

Leihoen egituran ipintzeko aluminiozko hiru barra lapurtu zizkieten kiroldegiko obra egiten dabiltzanei joan den asteburuan. “Aluminiozko barrak eraman zituztenek ez zuten nahi guk igartzerik, ze bi pila desberdinetatik eraman zituzten eta hasieran ez ginen konturatu falta zirela”, esplikatu du kiroldegiko obra egiten dabilen langileetako batek. 

Hark emandako xehetasunen arabera, sopletearen gomak ere lapurtu zizkieten, “euren sopletean erabili eta burdina urtu ahal izateko”, gaineratu du. 

Kontatu duenez, ez dute salaketarik ipini, “ez doa-eta inora; errazagoa da barra berriak eskatzea; hala ere, erreminta guztiak eraman egiten ditugu gu ez gaudenean, ikasi dugu-eta bestela zer gertatzen den; eguerdian, bazkalorduan ere eraman egiten ditugu”.