Egoitzetako gatazkan inplikatutako aldeak batzarrera deitu ditu ELAk

Ubane Madera 2019ko abe. 9a, 10:30
Gipuzkoako egoitzetako hainbat langile Soraluzen egindako manifestazioan.

Bilera deitu du ELA sindikatuak Gipuzkoako egoitzetako gatazka dela-eta. Bertan inplikatuta dauden hiru aldeak gonbidatu ditu. Bihar, martitzena, egingo dute, Donostian, eta iragarri dute, besteak beste, egoiliarren senideen elkarteko ordezkaritza ere izango dela.

Gipuzkoako Foru Aldundia, patronalak eta sindikatua; hiru aldeak deitu ditu ELAk biharko batzarrera. Horrela egitea erabaki dute, egoiliarren senideen elkartearekin joan den astean egindako bileraren ondoren. 

"Borondate-eza"

“Bi aldeek gure sinesgabetasuna eta harridura partekatu ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte Gipuzkoako egoitzetako milaka langile eta erabiltzailek bizi duten lan eta gizarte-gatazkaren konponbidean urratsak egiteko erakutsi duen borondate ezarengatik”, salatu du sindikatu abertzaleak. 

Bilera Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) izango da, Donostian, eta egoiliarren senideen ordezkariak ere bertaratuko direla iragarri du ELAk.

Bien bitartean, greban segitzen dute Gipuzkoako egoitzetako langile ugarik; gaur, astelehena, greban dirauten 147. eguna da.