'Blues Hotsak' jaialdia abenduaren 13tik 15era Soraluzen

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 7a, 19:22
'Shirley Davis & The Silverbacks' taldea.

Abenduaren 13tik 15era bitartean, 'Blues Hotsak' jaialdia ospatuko da herrian eta hiru blues taldek joko dute bertan: Shirley Davis & The Silverbacks-ek, The Allnighters-ek eta Jon Gurrutxaga & Urbil Artola-k.

Lehenengo emanaldia, Shirley Davis kantari ingelesak eskainiko du abenduaren 13an (barikua), iluntzeko 22:00etan, antzokian. Shirley Davis & The Silverbacks taldeak musika beltz "gordina" lantzen du, "soul hutsa, afrobeat ukitu batekin". Aditu askok, Davis, Soul estiloko garaiko europar dibatzat hartu dute. Kontzertu horretarako sarrerak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai antzokiko sarreran, 10 euroko prezioan. 

Bigarren emanaldia, abenduaren 14koa, The Allnighters taldeak eskainiko du Zentroan, iluntzeko 20:00etan. Gasteizko boskoteak Rhythm and Blues doinuak eskainiko ditu eta diotenez, emanaldi bakoitza "benetako jai" bihurtzen dute. Zentroko ateak emanaldia baino ordu erdi lehenago zabalduko dituzte eta sarrera 5 euro ordaindu beharko da.  

Azkenik, abenduaren 15ean (domeka), Jon Gurrutxaga & Urbil Artola bikoteak joko dute, eguerdiko 13:00etan, zubian; Zentroan, eguraldi txarra bada. Gurrutxagak eta Artolak euskal kantagintza akustikoaren muestra bat eskainiko dute, bluesaren bidetik interpretatua. Azken kontzertu honetarako sarrera irekia izango da. 

Blues Hotsak Jaialdia Errabal kultur elkarteak antolatu du Soraluzeko Udalaren laguntzarekin. Urte batzuetako geldiaren ostean, zuzeneko blues musika ekarriko dute berriz herrira eta etorkizunean ere segida eman nahi diote ekimenari: "ez dugu gure ekimen hau soilik egun batera mugatu nahi, urtetik urtera sendotu nahi dugu". 

Blues tradizioa Soraluzen

Aurreko mendearen amaieran antolatu zituzten lehen blues kontzertuak Plazentzian, gehienetan Zentroaren inguruan, baina baita Gaztelupe tabernan, kapillan eta kalean ere.  Euskal Herriko eta mugaz haratagoko musikari garrantzitsuak jo zuten herrian: Iñaki Salvador, Ñaco Goñi, Javier Colina, Francisco Simon, Malcom Scarpa, Santi Ibarretxe… 

2004. urteko udazkenean, Errabal kultur elkarteak jazz-blues jaialdi apal bat antolatu zuen herrian eta Deba bailarako beste herri batzuetara ere zabaldu zuten gero.

Erlazionatuak