Sapa lantegian hitzarmena sinatu dute, hiru astez greban izan eta gero

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 6a, 12:06
Sapako langileak protestan.

Andoaingo Sapa lantegiko zuzendaritzak eta azaroaren 18az geroztik greban ziren langileek hitzarmena sinatu zuten eguaztenean (tartean 9 plazentziatarrek). Hortaz, bertan behera geratu dira langileek iragarrita zeukaten grebaren luzapena.

Sinatu duten hitzarmenaren arabera, 2019rako KPIa (kontsumoko prezioen indizea) gehi 0,8ko igoera adostu dute, hau da, guztira %2a; eta 2020rako, urteari dagokion KPIa gehi 0,8a.

Gaur egun, bederatzi plazentziatarrek lan egiten dute Andoaingo Sapa lantegian, horietako lau Soraluzetik joaten dira egunero eta beste bostak beste herri batzuetan bizi dira. 

Langileak pozik

Langileak pozik agertu dira hitzarmenarekin. Adierazi dutenez, langile gehienak kalera irten dira azken egunetan euren eskubideen alde; batuta aritu dira langile komitearekin batera. Eurek jokabideak beste behin zera erakutsi du: “maiz, lan eskubideak lortzeko, langileek presiozko neurriak hartzea beste erremediorik ez dela izaten, eta merezi duela egin beharreko sakrifizioak”. Nolanahi ere, gehitu dute akordioa bi urtetara mugatzen dela, eta hortaz, etorkizunean ere euren eskubideak aldarrikatzen jarraitu beharko dutela. Batik bat, lan plantillako gazteenen lan baldintzekin adi egon beharko dutela esan dute.  

Atzera begiratuz gero, esan behar da Sapa Operazioak SL lantegia osatzen duten 156 langileetatik gehienek azaroan 18an ekin ziotela grebari, eta harrezkero hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin dituztela euren eskakizunen alde; besteak beste, 2012az geroztik soldatak izoztuta dauzkatela salatu dute. Langileak lan egunetan enpresaren aurrean pankartaren atzean jarri dira, eta joan den larunbatean Anoeta estadioaren aurrean bildu ziren, Real-Eibar partidua jokatzekoa zela baliatuz. Izan ere, Real Sociedadeko presidente Jokin Aperribay Sapa lantegiko nagusia da.

Albiste hau Andoaingo Aiurri.eus webgunetik ekarri dugu CC lizentziari esker.