70 metro kable aldatu dituzte

Ubane Madera 2019ko abe. 5a, 12:19
Gabolats kalea ilunpetan, atzo goizean. Argazkia: Antxon Fresnedo.

Azken asteotan Gabolats kale inguruan eta Ezozibide inguruan izan diren argindar eteteak konpontzeko, 70 metro kable aldatu dituzte Baltegietako argindarraren koadrotik Gabolatseko zubi txikia pasa arte. Susmoa dute argi-eteteak gertatzen direla hezetasunak eraginda, baina egoera orokorra aztertzen dabiltza.

Tarteka-marteka argindarra joan egiten da udalerriko hainbat kaletan eta auzotan. Azken bi asteotan Gabolats-Ezozibide inguruan gertatu dira argi-eteteak, izan ere, udalerriko argindarraren kableatua ez dago egoera onean, udaletxetik esplikatu dutenez. 

Hori horrela, azken argi-eteteak konpondu nahian, 70 metro kable aldatu dituzte egunotan Baltegieta-Gabolats inguruan, eta espero dute horrekin irtenbidea ematea arazo puntual horri. 

Konponbide zaila

Alkateak azaldu duenez, elektrikariak badihardu arazoa aztertzen baina egoerak konponbide "zaila" du. “Kableatuaren egoera ez da ona. Baina ez dakigu argi-eteteak zergatik gertatzen diren, hezetasunarengatik ala bestelako deribazio teknikoek eraginda. Horregatik egoten dira batzuetan egunez argiak piztuta, probak egiten gabiltzalako”.