Kiroldegiko obrak aurreikusitako epeen barruan

Ubane Madera 2019ko abe. 7a, 19:19

Kiroldegia gaur arratsaldean, eguena.

Aurrera doaz kiroldegiari solairu berria gehitzeko obrak. Herenegun, eguena, barruko lur guztia bota zuten eta egitura metalikoa ere badoa itxuratzen. “Ea aukera dagoen apirilerako obrak bukatzeko”, adierazi du Iker Aldazabal alkateak.

Aste honetan bestelako itxura hasi da erakusten kiroldegiko solairu berria. Izan ere, Baltegietara begira dagoen egitura metalikoari ipini diote pareteko estalkia. 

Ikusgai dira, baita ere, izango dituen sei leiho berriak: bata spinning gela berriarendako eta beste bostak erabilera anitzeko aretoarendako.

Baltegieta kalera begira dagoen egitura tapatu ondoren, datozen egunotan hasiko dira tapatzen ibai aldera eta Gaztelupe aldera dagoen egitura. Eta horra begira sortuko duten gelan egokituko dute gimnasio berria, hori ere leihoz inguratuta. 

Gimnasiorako makina berriak

Irailaren amaiera aldera hasi zituzten kiroldegiari solairu berria gehitzeko obrak. Construcciones Artzamendi enpresa dabil lanok egiten, 568.000 euroko aurrekontuarekin. Iker Aldazabal alkateak azpimarratu du aurreikusitako epeak betetzen dabiltzala, beraz, "ea bada, apirilerako bukatzen dituzten lanak", dio. 

Dena delakoa ere, dagoeneko aurreikusi dute partida bat 2020ko aurrekontuan gimnasio berrirako makinak erosteko: 27.000 euro. Hori bai, oraindik aurrekontua onartu barik dago, beraz, oraingoz hori proposamena da.
  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.