Lau herritarrek salatu dute kontutik dirua kendu dietela

Ubane Madera 2019ko abe. 6a, 08:44
Diru txartelak.

Kontu korrontetik diru-lapurretak egin dizkietela-eta, salaketa ipini dute lau soraluzetarrek Udaltzaingoan. Biri azaroan kendu diete dirua, eta beste biri ekainean. Udaltzaingoak Eibarko epaitegira bideratuta ditu salaketok eta Ertzaintzari ere helarazi dizkio. 

Lau soraluzetarrek salaketa bana aurkeztu dute Udaltzaingoan aurten, kontu korrontetik dirua kendu egin dietela jakinarazten.

Azken biak, gainera, azaroan izan dira, bi asteren bueltan: bata azaroaren 11n eta bestea aste honetan bertan. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, lehenengoari 2.000 euro inguru kendu zizkioten kontu korrontetik, eta besteari, 49,90 euro, oraingoz.

“Azken salatzaileari kopuru txikia kendu diote, behin bakarrik. Izan ere, kontuaren jabeari arreta eman zion karguaren jakinarazpenaren orduak: haren arabera, gauerdian egindako erosketa batengatik kendu zioten 49,90 euroak, eta aldiz, berak argi zeukan ordu horretan ez zuela erosketarik egin”, esplikatu dute Udaltzaingotik. Hain justu, datu horri susmoa hartu eta salaketa ipintzea erabaki zuen soraluzetarrak. 

Ia 2.000 euro

Azaroaren 11n salaketa ipini zuenari, berriz, ia 2.000 euro kendu diote. “Normalean 100 eurotik beherako errekarguak egiten dituzte txarteletan, horrela zailagoa baita norbera jabetzea. Baina kasu honetan kendu zizkioten kopuru nahiko altuak”, esplikatu dute. 

Udaltzaingotik emandako xehetasunen arabera, ekainean halako beste bi salaketa izan zituzten, eta iaz beste bizpahiru kasu jaso zituzten eurek. Izan ere, halako geroago eta delitu informatiko gehiago dabiltza gertatzen.

Saltoki ezagunen izenean

Duten susmoa da, honetan diharduten gaizkileen sareek diru-txartelak klonatu egiten dituztela norberak erosketaren bat egiterakoan; eta gero, diru-txartel horren zenbakia erabiltzen dutela diru kopuru, normalean txikiak, kentzeko. “Gainera, errekarguak egiten dituzte saltoki ezagunen izenean, eta horrela zailagoa egiten zaigu kontuak kontrolatzea eta amarrua antzematea”.