Gabonetako oporretan ekingo diote eskolako auzolanari

Ubane Madera 2019ko abe. 5a, 10:09
Eskolako auzolanarekin lotutako lehen bilera, atzo, Elkartegian.

Gabonetan, guraso boluntarioz osatutako talde batek beheko solairuko pasilloa eta ateak margotuko ditu, eta elektikari batek liburutegiko argindar kableak eta lanparak aldatu. Horiexek izango dira auzolanaren bidez eskola hobetzeko egingo diren aurrenengo lanak. Atzo egin zuten lehen bilera Ezina Ekinez Egina taldeak deituta, eta 15 guraso bertaratu ziren, guztiak emakumezkoak.

Abenduaren 21ean, 23an eta urtarrilaren 4an, seina gurasoz osatutako hiru talde sortu, eta Plaentxi Eskolako beheko solairuko pasilloa eta ateak margotuko dituzte. 

Hiru egun horietan gurasoek 09:00-14:00ak arteko lan-jardunak burutuko dituzte eta seme-alabek hamaiketakoak prestatuko dizkiete. Izena emateko epea zabalik dago.

Horixe da eskola hobetzeko auzolana bultzatu nahi duen Ezina Ekinez Egina taldeak lanerako egin duen lehen proposamena. Atzo iluntzean, eguaztena, Elkartegian egin zen horretarako bilera eta 15 bat guraso bertaratu ziren, denak emakumezkoak. 

Pasilloa eta liburutegia

Bileran jakitera eman zutenez, pasilloa margotzeaz gain, eskolak bertako liburutegia egokitzeko duen proiektuan ere lagunduko dute auzolanean. Kasu horretan, elektrikaria den guraso batekin zuzenean harremanetan jarri dira, eta bera (Aitor Urresti) arduratuko da liburutegiko argindar kableak aldatu eta lanparak jartzeaz.

Bileran izan ziren gurasoek, oro har, auzolan proposamenari buruzko iritzi positiboa azaldu zuten; hala, ekimenaren bultzatzaileek jakinarazi zuten abenduko asmoak ondo betetzen badira, urtarriletik aurrera lan gehiago proposatuko dituztela

Gainera, Udalari eskatuko diote eskolako mantentze-lanen programa egin dezala, horrela, errazago koordinatzeko udal-langilearen, eskolaren eta auzolanean jardungo duten gurasoen lana. 

Ez elkarterik, ez alderdirik

Ezina Ekinez Egina taldeko gurasoek azaldu zuten zein den auzolana deitzera bultzatu dituen ideia: “Eskola gure umeena da, egin dezagun zerbait ondo egon dadin”. Eta hori planteatu nahi dute positiboki: “Dugun borondatea ona eta positiboa da; argi laga nahi dugu hiru ama garela eta ez dugula inongo loturarik ez inongo elkarterekin eta ezta ere inongo alderdi politikorekin”. 

Laburbilduz, honako hiru helburuak landu nahi dituzte auzolanarekin: 

Gure umeen beharrei erantzuna ematea. Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan eta bertan ahal den erosoen egon daitezen nahi dugu. Baina eraikinak urte asko ditu. Jolaslekua eta barruko gelen egoera aztertu ditugu guk. Jolaslekua eraberritzeko 2020an proiektua kontratatzea planteatu da. Barruko ikasgeletan, berriz, argitasun gabezia dago.
Gurasoak eta eskola gerturatzea. Gaur egungo bizimodua dela eta, guraso asko ez gara eskolara joaten. Umeek ez dute eskolaren eta familiaren artean loturarik ikusten. Auzolana aukera polita da eskola garrantzitsua iruditzen zaigula erakusteko.
Eskola gure sentitzea. Eskola gure sentitzen badugu, gehiago zainduko dugu. Umeek ere gehiago zainduko dute norbere gurasoek margotu edo garbitu duten gunea.