Astebururako gertu izango dute etxolatxoa Olentzerok eta Mari Domingik

Ubane Madera 2019ko abe. 3a, 12:02
Olentzeroren eta Mari Domingiren etxola muntatzen, gaur goizean.

Atzo hasi, eta gaur ez bada, bihar bukatuko dute Olentzeroren eta Mari Domingiren etxolatxoa muntatzeko lanak, Plaza Berrian. Gabonetako zuhaitza ere bertan da, zazpi bat metroko izeia. Hari ere datozen egunotan ipiniko dizkiote argiak.

Astebururako gertu lagako dute Olentzeroren eta Mari Domingiren Plaza Berriko etxola. Egunotan berau muntatzen dabiltza udal langileak, eta ondoren, barruko eta inguruko “bizilagunak” ipiniko dituzte Pil-pileaneko eta Kukumixoko kideek. 

Aurten, Plaza Berriko etxola eta ingurua girotzeko feminismoa gaia aukeratu dute, ohi denez, Olentzeroren eta Mari Domingiren etxola “istorio bat” kontatzeko eta “balore batzuk” transmititzeko baliatzen dute-eta.