Antzinako argazkien erakusketa ipiniko du Kontrargik abenduan

Ubane Madera 2019ko abe. 3a, 09:49

Erakusketaren kartela.

Argazki “zaharren" erakusketa inauguratuko du Kontrargik abenduaren 8an. 1988tik 2004ra bitarteko erretratuak ipiniko dituzte, 30 guztira, eta abenduaren 28ra arte izango dira ikusgai. Bestalde, jakinarazi dute zein izan den XXXI. Argazki Rallyaren emaitza: Jose Luis Feo bergararra izan da irabazlea, eta udalerriko argazkilarien artean, berriz, Carlos de Cos.

Gogoratzen/Recuerdas? izenburuarekin, 80ko hamarkadaren amaierako eta 2000ko hasierako 30 argazkirekin erakusketa ipiniko du Kontrargi Argazkilari Kolektiboak urtea amaitzeko, erakusketa gelan. 

Abenduaren 8an inauguratu, eta abenduaren 30era arte izango dira ikusgai. Kontrargitik helarazitako xehetasunen arabera, argazkiotan azaltzen dira pertsonak zein lekuak, guztiak ere udalerrikoak.

Sari nagusia Bergarara

Bestalde, joan den azaroaren 17an jokatutako XXXI. Kontrargi Argazki Rallyaren emaitza jakinarazi dute: sari nagusia Bergarara joan da, Jose Luis Feo argazkilariaren eskuetara; bigarren izan da, berriz, Beasaingo Javier Quirós eta hirugarren, Donostiako Jose Angel Amutxastegi. Horiez aparte, garaikurra eskuratu du, baita ere, Carlos de Cos soraluzetarrak, udalerriko sariduna bera izan da-eta. 

Epaimahaiak azaroaren 29an jakinarazi zuen emaitza. Honako kideek osatu zuten berau: Azkoitiko Mikel Zengotita, Zaldibarko Roberto Madariaga eta Bergarako Agustin Gurrutxaga. 

Guztira, 31 parte-hartzaile izan zituen Kontrargiren aurtengo rallyak; horietatik lau argazkilari herrikoak izan ziren, 22 Gipuzkoakoak eta gainerako bostak Bizkaikoak. Eta horien guztien artetik, bakarra izan zen emakumezkoa, beste guztiak gizonezkoak izan ziren. 14 urtetik beherako partaiderik, berriz, ez zen izan.