Eusko Legebiltzarrera joateko deia

Ubane Madera 2019ko abe. 2a, 18:08
Pentsioen aldeko elkarretaratzea Kontzejupean egin dute gaur.

Datorren abenduaren 12an Eusko Legebiltzarraren aurrean protesta jendetsua egitera joateko deia helarazi dute gaur eguerdian herrian pentsioen alde egindako elkarretaratzean. Legebiltzarrari eskatuko diote pentsioak 1080 eurora arte osa dezala, harik eta Espainiako Gobernuak 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu arte.

Pentsioen alde borrokan jarraitzen dutela eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna egon badagoela azpimarratu ondoren, hiru eskaera nagusi egin dituzte pentsioen aldeko gaurko elkarretaratzean:

- 2011ko eta 2013ko “pentsioen erreforma atzerakoien derogazioa”.
- KPIren araberako igoera
- EAEn pentsioak 1080 eurora arte osa dezatela, harik eta Espainiako Gobernuak 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu arte.

Alargunena 7,64 euro

Eta horrekin batera, besteak beste, honakoa salatu dute: “Oraindik ez dakigu efektibo egingo ote duten 2020ko urtarrilaren 1erako %0,9ko igoera, eta hala igoz gero, Gipuzkoan jubilatuen pentsioa batez beste 12,22 igoko litzateke eta andre alargunen pentsioen kasuan, batez bestekoa 7,64 eurokoa litzateke”.  

50 bat herritarrek babestu du gaurko protesta ekimena.