Auzolan proposamena egin dute, eskola hobetzen laguntzeko

Ubane Madera 2019ko abe. 2a, 14:43
Eskolako sarrera.

Jasoko zenuen whatsapez Soraluze Auzolanean taldearen partaide izateko gonbidapena. Zer da? Hiru guraso gara: Leticia Alvarez, Alaine Arruabarrena eta Oihana Garitano. Gure eskolaren egoera ikusita, maiatzean, Ezina Ekinez Egina taldea osatu genuen eskolan eremu duin bat lortzeko asmoz. Eguaztenean egingo dugu proiektua aurkezteko batzarra, 19:00etan, Elkartegian. 

Aurreko urteetako eskarien erantzuna, ezin da egin ez dagoelako dirurik, ezin da egin obra handiegia delako… izan da. Guk planteamendua aldatu dugu, zer ezin den egin aztertu beharrean, zer egin daitekeen planteatzen dugu. Zuzendaritzaren laguntzaz, hainbat beharren gaineko eskaera egin genuen Udalean.

Puntu gehienak Udalak hartu ditu bere gain, batzuk udan egin ditu, (gela batzuk margotu, txapazko eskailerak berritu…). Beste batzuk 2020an egingo dira. Udalak diru-partida garrantzitsua bideratuko du.

Hiru helburu

Baina eskolak urtarrilerako eskatutako lanetako batzuk Udalak ezin ditu bere gain hartu. Hori guztia ondo aztertu ondoren, auzolanean, denon artean, egiteko aukera ikusi dugu, gure herriak parte hartuko duela sinetsita. Hiru helburu finkatu ditugu:

Gure umeen beharrei erantzuna ematea. Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan eta bertan ahal den erosoen egon daitezen nahi dugu. Baina eraikinak urte asko ditu. Jolaslekua eta barruko gelen egoera aztertu ditugu guk. Jolaslekua eraberritzeko 2020an proiektua kontratatzea planteatu da. Barruko ikasgeletan, berriz, argitasun gabezia dago.

Gurasoak eta eskola gerturatzea. Gaur egungo bizimodua dela eta, guraso asko ez gara eskolara joaten. Umeek ez dute eskolaren eta familiaren artean loturarik ikusten. Auzolana aukera polita da eskola garrantzitsua iruditzen zaigula erakusteko.

Eskola gure sentitzea. Eskola gure sentitzen badugu, gehiago zainduko dugu. Umeek ere gehiago zainduko dute norbere gurasoek margotu edo garbitu duten gunea.

Animatu eta etorri gurekin eskola berritzera. Abenduaren 4an,19:00etan, bilera egingo dugu Elkartegian, gure proiektu zehatza erakusteko. Bakoitzak zer lan egin dezakeen ikusiz.