Konponbidea aldarrikatu dute

Ubane Madera 2019ko aza. 27a, 16:03

Gipuzkoako nagusien egoitzetako 60 bat langile grebalarik manifestazioa egin dute eguerdian udalerriko kaleetan. 136 egun daramatzate greban eta konponbidea eskatu diote Diputazioari, diotenez, erakunde horrek baitauka gatazkari irtenbidea emateko giltza. 

Donostialdetik, Urola aldetik eta Debagoienetik bertaratu dira Deba eskualdera, besteak beste, Gipuzkoako nagusien egoitzetako langile grebalariak. ELA sindikatuak deituta, Bergaran euren egoeraren berri eman ondoren, Soraluzera etorri eta gauza bera egin dute. 

EAJri eskaera zuzena

Gaurko protesta borobiltzeko, manifestazioa egin dute udalerrian kalerik kale, eta aldarrikatutakoen artean egoitzetarako finantzazioa exijitu diote zuzenean EAJri, eta besteak beste, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñaren eta diputatu nagusi Markel Olanoren jarrera kritikatu dute. Horrekin batera, besteak beste, borroka feminista aldarrikatu dute, behin baino gehiagotan salatu dutenez, euren egoera ez litzateke oraingoa izango-eta emakumeak ez balira.