Hasita daude Azitain-Maltzaga bidegorria egiteko lanak

Barren.eus 2019ko aza. 28a, 08:00

Bidegorria egiteko lanak Maltzagan. Argazkia: Barren.eus.

Zortzi hilabeteko atzerapenaren ostean, hasi dituzte Eibar, Maltzaga eta Elgoibar lotuko dituen bidegorri zatia eraikitzeko lanak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak apirilean esleitu zituen Azitain-Maltzaga bidegorria eraikitzeko lanak, eta udarako hasita egon behar zuten. Alabaina, Aldundi barruko "arazo administratibo" batzuk tarteko, atzeratu egin da lanen hasiera, eta lanak hastera zihoazela iragartzen zuen kartela ipini eta zortzi hilabetera hasi dituzte azkenean lanok. Eibarko alkate Miguel de los Toyos eta Rafaela Romerok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak, aurreko astean,  azaroaren 14an, bisitatu zituzten martxan dauden lanak. Lan konplexuak izango zirela berretsi zuten.

Bi fasetan egingo dituzte lanak

Eraikitzen ari diren zatiaren aurrekontua 5,1 milioi eurokoa da, guztira 2 kilometro inguru eraikiko dira eta lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengo fasea orain ari dira eraikitzen Eibarko Azitain auzotik abiatuta, eta datorren urtean amaitzea aurreikusten dute agintariek. Bigarren fasean, zati hori Maltzagarekin lotuko da. Gune horretan egiten dute muga Eibarrek eta Elgoibarrek, eta Elgoibarren jada eraikita dagoen bidegorri-zatiarekin bat egingo du. Lotura hori egin ahal izateko, alde batetik Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatuko dituzten 5 pasabide –horietako bi 80 metrotik gorakoak– eraikiko dituzte.
“Orografiaren eta ibilbide horretan lehendik dauden azpiegituren ondorioz, zati hori eraikitzea erronka zaila izan da, eta azterketa tekniko oso zorrotza eta zehatza egin behar izan da. Adierazi behar da, beraz, poz handia ematen digula eraikuntza-lanak jada abian daudela eta bidegorria laster errealitate bat izango dela ikusteak. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide hori mugarri bat izango da Debabarreneko garraio iraunkorra sustatzeko bidean, eta eskualdeko herritarren eskaerei emandako erantzuna da berez, egunero erabiliko baitute", adierazi du Romero diputatuak.
Azitain-Maltzaga bidea Gipuzkoako bidegorri-sareari batuko zaio. Sare horrek jada 353 kilometro ditu eraikita eta gure lurraldeko eskualde guztiak lotzen ditu. Informazio osoagoa: eibar.eus

Informazio hau Barren.eus-etik ekarri dugu Plaentxia.eus-era CC Lizentzia baliatuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.