Panpinak Tere Guenetxeak berak egin ditu, lorontziak eta maskara afrikarrak erabilita. “Dekorazio eta paisajismoaren baitako obratxoa da, berziklatzearen kultura integratzailea bultzatu nahi duena. Kasu honetan, maskara afrikarretatik abiatu naiz euskal mitologiaraino heltzeko”. Pertsonaia bereziok Santa Ana kaleko txabolaren atzeko lursailean ezarri ditu eta goiko sahiesbidetik ikus daitezke.
Lehenago ere jarri izan ditu Terek antzeko artelanak, erabilitako materialak berrerabiliz. Guenetxeak “oso gustuko” du dekorazio mundua eta besteak beste, hamaika urte daramatza Gabonetan Olentzero eta Mari Domingiren Plaza Berriko etxola apaintzen, estilo propioarekin beti ere.