Aberatsago esnatu dira gaur soraluzetar asko

Ubane Madera 2019ko aza. 24a, 14:05
Iñaki Laskurain, Marifran Aizpurua eta Gonzalo Portu, dezimo saridunetako bat eskuetan dutela, Txurrukan gaur, domeka.

Hiru milioi euro inguru laga ditu Espainiako loteriak Soraluzen. Saria Txurruka Jatetxeak banatu du, 56.718 zenbakiari dagozkion 50 dezimo salduta. Bakoitzari 60.000 eurona tokatu zaizkio (zergak aparte) eta saridun gehienak herritarrak dira. Pozik, oso pozik daude Txurrukakoak saria emateagaitik, eta noski, are pozago, familian bertan ere badirelako sarituak.

“Atzo eguerdian deitu ziguten Abadiñotik, hango administrazioan erosten baitugu guk 56.718 zenbakia. Orain dela 30-40 urte hasi ginen zenbaki hori erosten, kasualitatez, behin eskaini egin zigutelako, beste barik, eta azkenean… Atzo jendea zoratzen zebilen; oraindik ere sinetsi ezinda gaude, egia esan. Guk ere astero erosten dugu, eta oraingoan ere bagenuen familian. Pena langileei tokatu ez izana”, kontatu du Jurdana Laskurainek, Txurrukako ugazabetako batek.

35 abonatu

Langileei ez, baina herritar askori tokatu zaie saria: “50 dezimo saldu ditugu eta horietatik 35 bat izan dira zenbaki horretara abonatuta daudenenak, eta horiek herritarrak dira; urtetan erosi izan dute zenbaki hau astero-astero”, dio Iñaki Laskurainek, beste ugazabetako batek. 

Txurrukan bertan harrapatu ditugu saridunetako bi: Gonzalo Portu eta Marifran Aizpurua. Portuk, adibidez, dezimoa ia astero erosi izan du. Biak ala biak oso poz-pozik zeuden sariarekin, noski. Zertan gastatuko duten galdetuta, berriz, mmmmmmmm izan da erantzuna… izan ere, ondo pentsatu behar! 

Poza kalean

Kontuak kontu, euro zaparrada banatu du Txurruka Jatetxeak herritarren artean. Zela ez, horixe dabil izaten gaur berbetagai nagusi kalean; eta irribarreak nonahi ikusten dira, norberari tokatu ez arren, poza igartzen baita herrian tokatu izanagatik: “Denondako izango da hori ona!”, diosku adibidez, Txuritxuko Pilik.