Bertsolari gaztez osatutako laukotea da aurtengo jaialdian kantatuko duena. Guztietan gazteena, Maider Arregi, 23 urtekoa oñatiarra. Ezaguna da Soraluzen, batez ere, gazteen artean. Izan ere, azken urteotan Maiderrek behin baino gehiagotan kantatu du Soraluzen: Plazatik Gaztetxera sariketan, Galtxagorriek antolatutako bertso poteoan...
Gainerako hiruek ibilbide luzeagoa egin dute bertsogintzan. Uxue Alberdi elgoibartarra puntako bertsolaria da eta sarri kantatu du Soraluzen, dela jaialdietan edo bertso afarietan. Julio Soto Nafarroako txapelduna da, eta azkenekoz, uztailean, San Andres auzoko jaietan kantatu zuen herrian. Etxahun Lekue larrabetzuarra, berriz, Bizkaiko txapelduna da eta bera da orain arte Soraluzen kantatu ez duen bakarra.
Gai-jartzaile lanetan, Maite Berriozabal berriztarrak jardungo du. Azken urtetan bera izan da herriko bertso jaialdietan gaiak jartzeko ardura izan duena.
Bestalde. Plaentxia.eus-ek jakin duenez, Bertsoa.eus-ek oso osorik grabatuko du saioa, ondoren bertsoaldi batzuk webgunean edo Hitzetik Hortzera saioan emateko.
Zozketa
Plaentxia.eus-ek barikuko jaialdirako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu. Parte hartu nahi izanez gero, klikatu HEMEN. Eguazten eguerdira arteko epea dago zozketan izena emateko.