Zaharren egoitzetako zerbitzuaren kalitate maila salatu dute

Ubane Madera 2019ko aza. 22a, 12:20
Greban diharduten egoitzako hainbat langile elkarretaratzea egiten.

Egoitzetako langile grebalariek protestaz betetako astea izan dute honako hau. Furgonetan sartu, eta Gipuzkoan udalerriz udalerri ibili dira euren protesta leku guztietara zabaldu nahian. Eta berdin jarraituko dute datorren astean ere, ELAk deituta. Astelehenean Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren protestetan hartuko dute parte eta eguaztenean Bergara-Soraluze furgo-martxa egingo dute.

Abenduaren 11ra bitarte, aldarrikapen-ekitaldiz betetako egutegia dute greban diharduten egoitzetako langileek. Esaterako, datorren azaroaren 30ean, Eibarren eta Realaren arteko derbian izango dira, Anoetan, eta bien bitartean eta ondoren, Gipuzkoan zehar ibiliko dira udalerriz udalerri furgo-martxak eginez, 'Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu leloarekin', ELA sindikatuak deituta.

Horrekin batera, youtuben zintzilikatutako bideo baten bitartez, hainbat salaketa orokor egin dituzte, Egoitzetan erakundeengandiko tratu-txarrak jasaten ditugu izenburupean. 

Dutxak astean behin

Adibidez, salatu dute egoiliarrak astean behin bakarrik dutxatzen dituztela, gainerako egunetan esponjen edo toallatxo umelen bitartez garbitzen dituztela eta egoiliar bakoitzak egunean hiru fardel erabiltzeko aukera duela bakarrik, eta komunerako joan-etorriak mugatuta dituztela. 

Horrekin batera, salatu dute gauez langile bat edo bi bakarrik egoten direla egoiliar guztiak zaintzeko. Eta goizez 15 minutu bakarrik dituztela pertsona bakoitzari arreta emateko, presaka ibili behar dutelako beti. Ohartarazi dutenez, langileek ez dutenez langileek ez dute nagusiekin egoteko astirik eta ondorioz nagusiak bakarrik sentitzen dira.

Gauzak horrela, adierazi dute egoitzak bihurtu direla gure adinekoak “aparkatzeko” leku eta pertsona bat egoitza batean sartzen denean “pertsona izateari lagatzen” diola. 

60 urtean lanean egon eta gero…

"Guk nahi duguna da nagusiak zaintzea, eta horretarako, bost minutuz nagusiekin egoteko aukera izan behar dugu, lasai-lasai, euren arazoei buruz berba egiten (…) Zergatik irabazten du nire senarrak nire soldataren bikoitza berak autoendako piezak egiten baditu eta nik pertsonak zaintzen baditut? (…) Lortu nahi duguna da zaintza eta gure baldintzak hobetzea (…) Erakundeen tratu txarra jasaten dugunak langileak gara, egoiliarrak eta senideak. (…) Guk zaintzen ditugun pertsonak dira 60 urtez lanean jardun dutenak, gu gauden lekuan egoteko."