Gaur erretiratuko dute enborra

Ubane Madera 2019ko aza. 21a, 09:38
Enborra zubipean trabatuta. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Martitzenetik enborra dago trabatuta Atxuriko oinezkoen zubipean. Udaltzaingoak antzeman zuen pasabidea libratu ezinda zegoela. Hori dela-eta, Gipuzkoako URA agentziari abisatu zion Udalak, eta haiek gaur etorriko dira enborra erretiratzera. Halako gertakariak direla-eta eraiki nahi du, hain justu, Soraluzeko Udalak oinezkoendako zubi berria Atxurin.

Azaroan euria egiten hasi zenetik, 20 egunean atertu ere ez du egin, aste honetako martitzenera arte. Euriteen ondorioz, ufala izan da hainbat egunetan, eta halakoetan sarri geratzen den moduan, enborrak eta bestelakoak ekarri ditu ibaiak. 

Presa efektua

Bada, enbor handi horietako bat Atxuriko zubiaren zutoinean trabatuta dago martitzenaz geroztik. Eta gaur etorriko dira berau erretiratzera URA agentziakoak, Soraluzeko Udalak horrela eskatuta.

Hain justu, halako gertakariengatik eraiki nahi du Udalak oinezkoendako zubi berria Atxuri inguruan, eta zaharra bota. Azken horrek hainbat eustorma ditu, eta zutoinetako bat ibai erdian dago. Horrek eragotzi egiten dio ibaiari libre pasatzea, presa efektua egiten du, eta ura pilatzea arriskutsua da.