Datorren astean zirkulazioa aldatuko dute berriz, Kiroldegiko lanak direla eta

Ubane Madera 2019ko aza. 20a, 17:18
Baltegieta kalea.

Kiroldegiko lanak direla eta, datorren martitzenean hasi (azaroak 26) eta hurrengo barikura bitartean (abenduak 5), Baltegieta kalea itxi egingo dute berriz eta lehen bezala, herriaren behekaldeko eta gainaldeko kaleetan noranzko bikoitza ezarriko dute, semaforoekin erregulatuta. 

Ondorengoak izango dira datorren martitzenetik aurrera (08:15etik, ordu horretako autobusa pasatu ondoren) zirkulazioan ezarriko dituzten aldaketak:

  • Errekalde, Atxuri eta Errabal kaleetako zirkulazioak noranzko bikoitza izango du, semaforo bitartez erregulatuta. Erdigunean zirkulazioaren joan-etorria saihesteko ezarriko dute oraingo honetan noranzko bikoitza Errabalen, bertako garajedunei paso emateko. Semaforo bat jarriko dute Olako zubian, eta bestea egoitzarako aldaparen hasieran. 
  • Ezozibiden, Arraikuan, Estaziñoan eta Ola auzoetan ere noranzko bikoitza ezarriko dute, semaforo bitartez zainduta.
  • SAPAko autobus geltokitik Baltegieta kaleko 4. zenbakira joateko noranzko bikoitza izango da.
    Baltegieta kaleko garajeetara betiko lekutik sartuko da.
  • Erdiguneko zirkulazioak ohiko ordutegia izango du: itxi egingo dute astegunetan 15:00etan eta zapatuetan 13:00etan. Eta domeketan egun osoan izango da itxita.

Autobusen geltokiak

Aldaketek, autobusen joan-etorrian eragingo dute. Ondorengoak dira erabiliko diren geltokiak:

  • Eibarrerako autobusa lehenik geldituko da Errekalden, eta gero Olatik sartuta, Estaziñoan izango du hurrengo geltokia. Eta azkena Ezozibideko 14. zenbaki parean.
  • Donostiarakoa, berriz, bakarrik Estaziño kalean geldituko da.
  • Mendaroko autobusari dagokionez, lau geraleku izango ditu: Sagarrerreka, Ezozibide, Estaziñoa eta Olako zubia. Behin azken horretako bidaiariak hartuta, GI-627ko biribilgune berrian buelta hartu eta saihesbidetik joango da.